Arduraz kontsumitzea, eguneroko aukera
2024/1/17
Esan genezake kontsumo arduratsua kontsumitzaileen eta erabiltzaileen jarrera dela, eta horrek kontsumo kontzientea eta kritikoa dakar, bai produktu bat erostean edo zerbitzu bat kontratatzean, bai etxean, eskura dauden baliabideak modu eraginkorrean erabiltzean.
Jakien kontsumo kontzientea elikadura-aukeraketak kontzientziaz egitean datza, elikagaien ekoizpenak eta kontsumoak ingurumenean, gizartean eta ekonomian duten eragina kontuan hartuta. Azken batean, egunero hartzen ditugun erabakiak dira, eta pertsonei, planetari eta etorkizuneko belaunaldiei mesede egiten diete.
Euskadin, 10 pertsonatik ia 9k uste dute haien erosketa-erabakiek eragin dezaketela enpresek modu arduratsuagoan ekoiztea. Hori ondorioztatzen da, Ihobe sozietate publikoak eskatuta, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako azterlanaren emaitzetatik; bertan, ekonomia zirkularrari eta hondakinen kudeaketari buruz herritarrek duten pertzepzioa aztertzen da, 1.000 telefono-elkarrizketa eginda hiru lurralde historikoetan, 2023ko urriaren 2tik 6ra bitartean.
Zer egin dezaket komertzio baten jabe naizen aldetik kontsumo arduratsuaren alde?
Jarraian errepasatuko ditugu kontsumo arduratsuaren funtsezko kontzeptu batzuk, zenbait argibide eta ideia eman ahal dizkigutenak:
- Tokiko eta sasoiko produktuei lehentasuna ematea: tokian tokiko elikagaiak eskaini eta erabiltzean, garraioak eta biltegiratzeak ingurumenean duten eragina murrizten dugu.
- Elikagaiak alferrik galtzea murriztea: elikagaiak alferrik galtzea arazo handia da, eta horrek berotegi-efektuko gasak isurtzea eta baliabide naturalak agortzea eragiten du.
- Elikagai jasangarriak ekoizteko metodoak aukeratzea: praktika iraunkorrak erabiltzen dituzten nekazariei laguntzea. Basoan Merkatu Organikoko Nerea nabarmentzen da supermerkatuaren kontzeptu berria sortzeagatik: tokiko ekoizleen eskaintza zabala du eta ekoizle horiek hautatu eta zaindu egiten ditu, bere ahalegina eta landa-lana balioan jarriz.
- Ontzi jasangarriak aukeratzea: ahalik eta ontzi gutxien edo berrerabilgarrienak dituzten produktuak aukeratzea, hala nola beira, metala edo material konpostagarriak, beti da ingurumena hobetzeko laguntza. Getxoko Natur Etxean, adibidez, ingurumena zaindu eta packaginga saihesten duten artisau-xaboiak aurki ditzakezu. Alepoko xaboia egiteko oliba-olioa, erramua, ura eta landareetatik datorren soda erabiltzen dira. Ez du ez produktu sintetikorik, ez koloratzailerik, ez animalia-lurrin edo -koipeen finkatzailerik. Guztiz biodegradagarria da.
- Haragi-produktuak hautatzerakoan informatuta egotea: haragi-produktuak neurriz kontsumitzea eta animalien ongizatea zaindutako eta baldintza jasangarrietan hazitako animalien produktuak aukeratzea. Horixe da hain zuzen Betizu Wild Burger Algortako gourmet hanburgeseriaren hautua: jasangarria, kalitatekoa eta ekologikoa izatea.
- Bidezko merkataritza-jardunbideak babestea: elikagaiak erostean, bidezko merkataritzako erakundeek ziurtatutako produktuak bilatzea, nekazariek beren produktuen truke bidezko prezioa jasoko dutela bermatzeko.
- Gure ingurukoak ere kontsumo arduratsuari buruz heztea: gure ezagutzak partekatzea eta beste batzuk elikadura-aukera jasangarriak hartzera animatzea.
Elikagaien kontsumo arduratsua guztion konpromisoa eskatzen duen zeregin kolektiboa da. Erosten, prestatzen eta kontsumitzen ditugun elikagaiei buruzko hautu kontzienteak egitean, lagun dezakegu planetarentzat eta geure buruarentzat etorkizun iraunkorragoa lortzen.
Getxon establezimenduren bat baduzu eta Elikadura Iraunkorraren aldeko Establezimenduen Sareari buruz gehiago jakin nahi baduzu, jar zaitez harremanetan Ekonomia Sustapena Arloarekin, telefonoz: 94 466 01 40, emailez: getxolan@getxo.eus ,edo sartu hemen informazio guztirako.
Honako hau ere interesgarria izan dakizuke: