2023/12/19
Ingurumen- eta gizarte-kontzientzia gero eta handiagoa duen testuinguru global honetan, elikagaiak xahutzea berebiziko garrantzia duen gaia da. Mundu mailan, uste da giza-kontsumorako ekoitzitako elikagaien heren bat, gutxi gorabehera, galdu edo alferrik galtzen dela. Hau da, urtean 1.300 milioi tona elikagai doaz zaborretara.
Elika Fundazioak argitaratutako azken datuen arabera, Euskadin 244.972 tona janari alferrik galtzen dira eta kopuru horren % 28, gutxienez, elikagaien zati jangarriak dira. HAZIk eta Elika Fundazioak koordinatutako ikerketa batek kalkulatzen du nekazaritzako elikagaien kate osoan alferrik galtzen den elikagai kantitatea, eta horren arabera elikagaien hondakinen erdia etxeetan sortzen da (% 57 baino gehiago). Aipatzekoa da, gainera, merkataritzari buruzko datua, - xahutze guztiaren % 26??, hain datu altua hobetu bailiteke.
* Elika Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren "Euskadiko elikagai-hondakinen diagnostikoa" azterlanean argitaratutako datuak.
Pertsona bakoitzeko alferrik galdutako elikagaien datu kezkagarriek galera ekonomiko nabarmena adierazten dute, baina, gainera, ingurumen-inpaktu larria dute, berotegi-efektuko gasen emisioak areagotzea eta baliabide naturalak degradatzea eragiten baitute.
Euskadin ere zenbait eragile aktiboki ari dira lanean elikagaien xahutzea murrizteko. Eusko Jaurlaritzak, Basque Green Deal estrategiaren bitartez, aurrera egin nahi du garapen bidezko eta iraunkorreko ereduan, eta konpromiso argia adierazi du: 2030erako % 50 murriztea elikagaien alferrik galtzea.
Euskadiko plana: murriztu, berrerabili, birbanatu eta birbalorizatu.
Helburu hori lortzeko, hainbat ekimen ezartzen ari dira, bai instituzioetan, bai enpresetan eta gizarte zibileko erakundeetan.
Testuinguru honetan, Getxoko saltokiek funtsezko zeregina dute elikagaien xahutzearen aurkako borrokan. Elikagai-katearen azken kate-mailarekin, harreman zuzena dutenez, hau da bezeroekin, komertzioek neurri eraginkorrak har ditzakete elikagaien galera murrizteko eta jardunbide iraunkorragoak sustatzeko.
Jarraian, Euskadin gauzatzen ari diren ekimen inspiratzaileen adibide batzuk aipatuko ditugu, Getxoko saltokientzat erreferentzia izan daitezkeenak:
* Elikagai-soberakinak dohaintzan ematea: Euskadiko saltoki ugarik lankidetzan jardun dute elikagai-bankuekin eta ongintzako beste erakunde batzuekin, saldu ezin diren elikagai-soberakinak emateko. Praktika horri esker, kontsumitzeko oraindik egokiak diren elikagaiak aprobetxa daitezke, eta laguntza eman pertsona zaurgarrienei. Adibidez, Gloriak eta Amasarte Labeako (Algorta) bere taldeak proiektu bat dute saltzeko baztertutako produktuak aprobetxatzeko, eta San Nikolas Zabalik Elkarteko (gazte migratzaileen harrera-etxea) familiei bideratzen dizkiete.
* Ontziratu gabeko produktuen salmenta: Ontziratu gabeko produktuen salmentari esker, bezeroek behar duten elikagai kopuru zehatza soilik eskura dezakete, eta horrela saihestu gehiegi erostea eta ondoren alferrik galtzea. Gainera, salmenta-modalitate honek ontziak eta paketeak sortzea murrizten du, ingurumen-iraunkortasunaren mesedean. Horren adibide da Fatima Libanoren establezimendua, Hasteko Zero Plastiko, plastikorik gabeko Euskadiko lehen supermerkatua. Algortan kokatuta, bertan produktu guztia soltean eta plastikozko ontzirik gabe erosten da. Beste adibide inspiratzaile bat, eta eskaintza berritzailea udalerrian, Natur Etxea da: Getxoko bezeroen eskura jartzen ditu solteko detergente ekologikoak, zero waste artikuluak, kosmetika ekologikoa eta higiene pertsonaleko produktu ekologikoak.
* Inbentarioak kudeatzeko estrategiak inplementatzea: Inbentarioen kudeaketa egokiari esker, komertzioek modu eraginkorrean kontrola dezakete stock-maila, eta produktu gehiegi pilatzea saihestu; horrela, elikagaiak hondatzeko eta baztertu behar izateko arriskua murrizten da.
* Kontsumitzaileak sentsibilizatzea eta heztea: komertzioek zeregin garrantzitsua izan dezakete kontsumitzaileak elikadura-xahutzearen eta kontsumo arduratsuko ohiturak hartzearen garrantziaz sentsibilizatzeko.
Hori informazio-kanpainen, tailerren eta bestelako hezkuntza-ekimenen bidez lor daiteke. Hain zuzen ere, aurten "Janaria ez da botatzen" kanpaina errepikatu da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak abian jarritako Basque Green Deal – Euskadiko Itun Berdea ekimenaren barruan.
Getxoko komertzioek elikagaien xahuketaren aurkako borrokan hartutako konpromisoak, ingurumenaren eta gizartearen iraunkortasunari laguntzeaz gain, zuzeneko onura ekonomikoak ere ekarriko ditu. Elikagai gutxiago galtzearen ondorioz, saltokiek erosketa-kostuak, hondakinen kudeaketa eta garbiketa aurreztu ditzakete.
Gainera, praktika iraunkorrak hartzeak komertzioen irudi publikoa hobetu dezake, eta ingurumenarekin eta gizarte-erantzukizunarekin gero eta kontzientziatuago dagoen bezeroa erakar dezake.
Azken batean, elikadura-xahutzearen aurkako borrokak elikadura-kateko eragile guztien lankidetza eskatzen du, Getxoko saltokiena barne.
Getxon establezimenduren bat baduzu eta Elikadura Iraunkorraren aldeko Establezimenduen Sareari buruz gehiago jakin nahi baduzu, jar zaitez harremanetan Ekonomia Sustapena Arloarekin, telefonoz: 94 466 01 40, emailez: getxolan@getxo.eus ,edo sartu hemen informazio guztirako.
Honako hau ere interesgarria izan dakizuke: