2025/10/28
Getxoko enpresek azaroaren 3tik 14ra arteko epea dute, nahi izanez gero, beraien esperientzien eta jarduera turistikoen eskaintza txertatzeko “Getxon gozatzeko Planak 2026” egitasmoan.
Ignacio Uriarte Turismo zinegotziak adierazi duenez, “helburua da kontsumitzaileei eta merkaturatze-agentziei Getxon egin daitezkeen turismo-esperientzien eskaintza osoa hurbiltzea. Alde batetik, baliabide ezagunenez gain, beste plan batzuk proposatzea, “xarmadunak”, Getxo dagoeneko ezagutzen duten bisitari eta txangozaleak anima daitezen udalerrira berriro etortzera; eta bestetik, udalerrira etorritako turista eta bisitarien egonaldia luzatzea, horren guztiaren helburua izanik bertako enpresetan eta Getxo osoan eragin ekonomiko handiagoa lortzea”.
Ekimen hau zabaltzeko, “Getxon gozatzeko Planak 2026” liburuxka argitaratzeaz gain, ekimena sustatzeko eta hedatzeko kanpaina egingo da, besteak beste honakoak bilduko dituena: web orrialdea, @GetxoTurismo sare sozialak, publizitatea publizitate-euskarrietan, eta beste elementu batzuk jende asko biltzen den eremuetan.
2025ean, ekimen honen bidez, Getxo Turismok guztira 50 plan edo esperientzia sustatu zituen, tokiko 31 enpresak diseinatuak eta antolatuak; Getxoz gozatzeko 586 hitzordu edo aukera ezberdin dituen programa da.
Ekimenean parte har dezake, dohainik, bertakoa den edota Getxon jarduera nagusia duen edozein enpresak eta bisitariei eta turistei zerbitzuak edota esperientziak eskaini ahal dizkienak, haiek helmugan eduki ohi dituzten beharrei erantzuteko.
Interesa duten enpresek informazio gehiago eska dezakete mezu bat bidaliz hona: getxoplanak@getxo.eus