2025/4/28
Datorren apirilaren 28tik maiatzaren 9ra zabalik egongo da Kukupraka Ludotekak udan zehar eta 2025/2026ko ikasturtean eskainiko duen zerbitzuan parte hartu ahal izateko izena emateko epea. Zerbitzuaren helburua da aisialdian hezitzea modu dibertigarrian, euskararen erabilera sustatzearekin batera, jolas, tailer eta lankidetza-jolasen bitartez.
Udako jarduerak ekainaren 23tik abuztuaren 29ra izango dira, Romo herri ikastetxean, aste bateko hamar txandatan banatuta, bakoitza 36 plazarekin. Ordutegia, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:30era izango da, 2014tik 2019ra bitartean jaiotako umeentzat. Ohi bezala, familia interesatuek inprimaki bat bete beharko dute zehazteko zenbat astetan eraman nahi duten umea eta nahiago den ordenan.
Bestalde, datorren ikasturtean, Areetako Eskoletako plazan egoitza duen ludotekaren txandak hurrengoak izango dira: 5 eta 6 urte bitartekoentzat astelehen, asteazken eta ostiraletan; 7 eta 9 urte bitarteko umeentzat astearte, ostegunetan eta ostiraletan. Astelehenetik ostegunera bitarteko ordutegiak 17:00etatik 18:30era eta 18:30etik 20:00etara izango dira; ostiraletan jardueren araberakoa izango da. Larunbatetan Ludotekak egitarau berezia (txangoak, irteerak, tailerrak…) antolatzen du 10 eta 11 urtekoentzat, 17:00etatik 20:00etara, eta batzuetan goizez.