Hasiera  ZER IKUSI  Pedro Bilbao – Ereagatik Arrigunagarainoko ibilbidea

fidel iturria

Getxoko Liburutegiek utzitako argazkia.

Hainbat omenaldi jaso zituen Pedro Bilbaok, haren eskuzabaltasunagatik eta medikuntzan buru-belarri aritu izanagatik. Oinez egiteko ibilbide osasungarri bat sortu dugu Deapie-n, bere oroimenez egindako monumentutik, Ereagako hondartza ondotik, hasten dena.

Hasiera-hasieratik Ereagako hondartzan ere egin zen bainuetxe eta osasun arloko turismoaren aldeko apustua, Areetako hondartza inguruan zegoen luxua izatera iritsi gabe. Egun, Ereaga udalerriko hiri-hondartzetako bat da, eta era guztietako kirolak egin daitezke edo eguzki-egun batez gozatu daiteke bertan.

Portu Zaharrean jaiotako mediku ospetsuaren aholkuari jarraituz («egunean bi orduz toki libreetatik ibili»), ibilbide honetan, Ereagako hondartzatik abiatuko gara. Ondoren, Portu Zaharretik igaro eta Usategi parkeraino igoko gara ¬¬-hemen hain sendagarria den itsasoko airea arnasteko aukera izango duzu-. Azkenik, Getxoko beste hondartza batera, Arrigunagara, iritsiko gara.

PEDRO BILBAO (1909-1992)

Pedro Bilbao Encera Getxon jaio zen 1909an, Portu Zaharreko bere jaiotetxean jarritako plakak adierazten duen bezala.

Medikuntza ikasi zuen Valladolideko Unibertsitatean, eta bere promozioko barne-medikuntzako mediku onena izan zen. Ondoren, plaza lortu zuen Basurtuko Ospitalean (Bilbo), eta Gerra Zibilean susperraldirako erietxe bateko buru izan zen Zugatzarten (Areeta). Lanbide horretan jarraitu zuen lanean, baina bere kasa kontsulta jarri zuen Getxon.

Zeukan prestakuntza eta gizatasunagatik Bizkaiko mediku ospetsuenetako bat izatera iritsi zen. Garrantzia handia eman zion gaixotasunak bizi-ohitura osasuntsuen bitartez prebenitzeari, eta printzipio hipokratiko honetan oinarritu zen: «Zure sendagaia elikagaia izan dadila, eta elikagaia zure sendagaia».

Udalerrian izugarri miresten dutenez, plaza bat dauka bere omenez Portu Zaharrean. Estatua bat ere badauka Ereagako hondartzan. Eta bitxia bada ere, ez dago itsaso aldera begira; oinez, bizikletaz, skate-an edo patinetan bertatik igarotzen direnei begira dago atsegin handiz.

Pedro Bilbaok Medikuntza Prebentiboko Katedra sortu zuen Euskadin, eta bere lanbideko kideei zuzendutako dibulgazio-aldizkariak argitaratu zituen. Ikerketa horiek erreferentzia ezin hobea dira 50 urte geroago bizi-ohitura osasuntsuak modan jarri diren garai honetan.

Ibilbideko mugarriren batek oroitzapen batera lekualdatu zaitu?

Agian arkitektura bat izan da, paisaia bat, edo zure interesa eragin duen irudi bat…

Konpartitu ezazu zure #Getxodeapie esperientzia sare sozialetan.

Deskargatu:

Ibilbide osoa.

Gehiago jakin nahi duzu?:

Gogorarazten dizugu badituzula beste 13 ibilbide udalerrian; hurbilen daudenak hauek dira: