

Getxo Dog Friendly - Getxo zure txakurrarekin
Parke handiak, pasealekuak, mendiko ibilbideak eta kultura gastronomiko paregabea ditu Getxok, eta Dog friendly udalerria denez, egun ederrak igaro ditzakezu zure txakurrarekin batera.
Maskota horiekin batera joateko egokitutako garraiobideak, espazio libreak, jarduerak eta establezimenduak asko dira Getxon.
Txangoak eta mendiko ibilbideak txakurrarekin Getxon
Getxok kostaldeko nahiz barrualdeko ibilbideak ditu, txakurrekin batera gozatzeko modukoak.
Barrualdeko ibilbidea
Fadura Kirol Hiriaren ondoan dagoen Bolueko hezeguneko pasealekuan 120 hegazti espezie baino gehiago bizi dira.
Ibilbidea sarrerako muralean hasten da, Larrañazubi ikastetxearen alboan. Egurrezko zubi txikitik igaro ostean, hezeguneko ur geza ikus daitekeen begiraleku batera iristen da.
Leku hori ibaiertzeko basoko ohiko landarediaz betetako hamar hektareaz inguratuta dago.
Kostaldeko ibilbidea
Paseoa Bizkaia Zubian hasten da, zubi esekia izenez ezagunagoa. Abrako badiara bidean Areetako kaia dago. Ibilbide horretan zehar daude Etxe handien ibilbideko zenbait jauregi, Getxoko urrezko aroa gogorarazten digutenak.
Ibilbide horretatik igarotakoan, Ereaga hondartzara iristen da. Bainatzeko denboraldiaz kanpo goza dezakete txakurrek, arratsaldeko 18:00etatik goizeko 11:00ak arte.
Ereagako kaiko azken zatian Getxoko Portu Zaharra dago. Itsasoko esentzia eta berdegunea duen txoko tradizionala da. Atseden har daiteke Abrako badiako ikuspegiaz gozatu bitartean.
Itsasertzeko ibilaldi horren iraupena ordubete ingurukoa da.
Urrunago joan nahi izanez gero, ibilbideak Arrigunagako hondartzarantz jarraitzen du. Horren ostean, Galea pasealekura iristen da, non Aixerrotako errotako eta Galeako gotorlekua baitauden, harik eta, amaitzeko, Gorrondatxe-Azkorri hondartzara iritsi arte.
Ibilbide osoa egiteko kirol oinetakoak erabiltzea gomendatzen da.
Txakurrentzako aisia-guneak:
Getxok txakurrentzako aisia-guneak ditu txakurrek (arriskutsua izan daitezkeenak izan ezik) libreki goza dezaten, hau da, solte baina kontrolpean ibil daitezen arratsaldeko 18:00etatik goizeko 11:00ak arte. Honako hauek dira guneak:
- Evaristo Txurruka kaia eta Areetako hondartza.
- Ereaga hondartza eta Portu Zaharreko betelanaren eremua
- Arrigunaga hondartza
- Galeako pasealekua (Aixerrotatik Sopelako mugaraino)
- Gobela ibaiaren eta Makaleta etorbidearen paraleloko pasealekua.
Dog-friendly garraioa Getxon
Hainbat garraiobide daude Getxora iristeko nahiz Getxon txakurrarekin ibiltzeko.
Nola heldu Getxora txakurrarekin
Bilboko metroaren 1. linean daude Getxoko geltokiak, eta 8 kilora arteko txakurrak sar daitezke, uhalaz lotuta eta besoetan eramanda.
Aldiriko Renfe trenetan mota guztietako txakurrak daude baimenduta, pertsona bakoitzeko bat, eta derrigorrezkoa da muturrekoa eramatea. Gertuen dagoen geltokia Portugaletekoa da. Hortik Getxora iritsi daiteke Bizkaia Zubia gurutzatuta.
Nola ibili Getxon txakurrarekin
- Metro Bilbao. Metro Bilbaoren Getxoko geltokiak 1. lineakoak dira. 8 kilora arteko txakurrekin bidaiatu daiteke bertan, betiere uhalaz lotuta eta besoetan helduta.
- Bizkaia Zubia. 40 kilora arteko txakurrak doan sar daitezke bidaiarientzako alboko gunean, betiere uhalaz lotuta edo bidaia-kutxan sartuta. Bestalde, gabarra nagusira edozein tamainako txakurrak sar daitezke. Segurtasun arrazoiak direla eta, goiko pasabidera ezin da sartu txakurrekin.
- Ereagako igogailu panoramikoa eta Portu Zaharreko igogailua. Bietara sar daiteke doan txakurrekin, uhalaz lotuta edo besotan hartuta.
- BizkaiTaxi Garraiobide horretan txakurrarekin bidaiatu ahal izateko telefonogunean abisatu behar da aurrez. Hala, haiek arduratuko dira txakurrentzako egokitutako ibilgailu bat bidaltzeaz. Telefono-zenbakia: 94 491 53 53
- Bizkaibus. Gehienez ere 8 kiloko txakurrekin bidaiatu daiteke, kaiola edo bidaia-kutxa itxi baten barruan baldin badoaz.
- El Bote Tours. Pet friendly garraiobide honetara tamaina orotako txakurrekin sar daitezke turistak, doan.
Getxoko Turismo Bulegoetan udalerriko Dog friendly establezimenduei buruzko informazioa duzu eskura.
Ezagutu zehatz-mehatz ibilbide, establezimendu, garraiobide eta Guau! pista guztiak Getxo txakurrarekin gidan. Informazioa bildu da Dog Vivant-en laguntzari esker (2018ko abendua).
Ezagutu ibilbideak eta Euskadiko Dog friendly lekuak eta eskuratu informazio praktikoa Euskadi txakurrarekin gidan.