Prentsa-oharra

Joserra Onandia, 2021eko Euskara saria: “Niri gustatzen zait euskara ikastea, bizitzea eta gozatzea”

2021/11/03

Joserra Onandia getxotarrak jasoko du datorren azaroaren 17an, asteazkenean, Argia Ereiten Euskara Saria, euskara ikasteko eta euskaraz bizitzeko duen jarrera nekaezina aitortzeko, erretiroa hartu ondoren hainbat euskaltegietatik pasa eta erabilera sustatzeko udalerriko euskara eragileek eta elkarteek abian jarritako ekimen ugaritan murgilduta dagoelako baita kanpoan ere, Mintzanet programan esaterako. Udalak antolatutako Sariaren XII. edizioaren Gala Muxikebarrin ospatuko da, oso hunkituta eta pozik dagoen 76 urteko getxotar hau euskararen alde etengabe egiten ari den lana goraipatzeko eta herriaren esker ona jasotzeko.   

Poztasun handiarekin jaso du Joserra Onandia getxotarrak 2021eko Argia Ereiten Euskara Saria, bere hitzetan, “Getxoko sari garrantzitsuena da niretzat. Galan askotan izan naiz eta oraingoan seguru hunkitu egingo naizela”.  

Onandiak bizitzan zehar euskara ikasteko hainbat saiakera egin ditu, bere “gainditu beharreko irakasgaia” izan delako beti, eta horregatik, duela 13 urte kontratista (Construcciones Onandia) lanaren erretiroa hartu zuenean, serio hartu zuen bere lehenengo zaletasuna delako. AEK, Jose Antonio Agirre ta Lekube eta udal euskaltegietatik pasa da eta baita Labayrukotik ere, azken horretan bizkaiera ikasteko. Barnetegitan ere izan da eta horregatik dio “argi daukat euskara ikasteko euskaltegia dela toki aproposa. Orain mintzapraktika egin nahi dut jubilatuok ez dugulako titulurik behar. Niri gustatzen zait euskara ikastea, euskaraz bizitzea eta euskararekin gozatzea”. 

Getxotarraren emaztea eta lau seme-alabak euskaldunak dira eta horregatik laguntza dira berarentzat, nahiz eta irribarrez aitortu emazteak batzuetan esaten diola liburuek bezala hitz egiten duela. Seme-alabak bere irakasleak izan dira beti eta zortzi ilobekin komunikatzeko euskaraz egiten du. Horretaz gain, gaur egun hainbat ekitalditan (Egizu, Bizarra Lepoan, ALBE….)  hartzen du parte, oso lagungarritzat jotzen dituelako. Izan ere, bere ustetan B1 maila lortu ondoren, mintzatu ahal izateko oso garrantzitsua da bestelako ekitalditan aritzea. Orain Berbalagunaren hiru taldetan parte hartzen du baita txangotan, Literaturaren Txokoan, IdaZaleen Txokoan…ere. Bidebitarte txokoko bazkidea eta sukaldaria da eta han EGIZUren tailerrak, euskaraz mintzatzeko bazkariak, ALBEren ospakizunak… euskaraz mintzatzeko ahal duen guztia aprobetxatzen du. Itxarkantu taldekoak ere elkartzen dira bertan eta beti esaten die adinekoentzat oso inportantea dela euskaltegian hastea, medizina moduan alzheimerraren kontra. 

Horiekin batera, Joserra Onandia Mintzanet proiektuan ia hasieratik, duela 10 bat urtetik, dago,  euskara praktikatzeko beste aukera bat delako. Urte hauetan munduko toki desberdinetako 15 bat pertsonarekin online hitz egiteko aukera eman dio programak. Adibidez, duela bost urtez geroztik Floridan bizi den Pedro Mari Sardui zesta puntako pilotariarekin bizkaiera praktikatzen du eta astero lau pertsonarekin ordubetez hitz egiten du. 

Beraz, teknologia berriek ere laguntzen diote euskaraz aritzeko eta horren adibidea da orain lagun batzuekin programa bat egin duela, laguntza moduan, euskararen gramatikarekin eta zalantzei buruzko informazioarekin, eta Skyperen bidez erabiltzen dute. Eskura dituen baliabide guztiak erabiltzen ditu Joserra Onandiak euskara hobetzeko, berak azaltzen duenez, “niretzat euskaraz hitz egitea eta bizitzea oso garrantzitsua da, Euskal Herrian dugun altxor nagusiena delako euskara”.

 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +