Prentsa-oharra

Faduran jokatuko da Athletic Club eta Eibar futbol taldeen arteko XI. Euskal Herria Kopako finalerdia

2021/08/19

Fadurako udal zelaian jokatuko da Athletic Club eta S.D. Eibar nesken taldeen arteko XI. Euskal Herria Kopako finalerdia, igande honetan, hilak 22, 12:00etatik aurrera. Euskal Herria Kirola irabazi-asmorik gabeko elkarteak antolatzen du goi-mailako kirol-ekitaldi hau, Getxoko Udalarekin lankidetzan, eta bertan 11 euskal taldek parte hartzen dute, bi multzotan banatuta. Aurten, gainera, zaletuek norgehiagoka ikusteko aukera izango dute, nahiz eta ikusle kopurua mugatua izango den pandemiaren ondorioz indarrean dauden osasun-murrizketak direla eta. Sarrera doakoa izango da C.D. Getxo Taldeko bazkideentzat eta 14 urtetik beherakoentzat, eta gainontzekoentzat 8€-tan salduko dira. Sarrerak aldez aurretik eskura daitezke www.ehkirola.eus webgunean edo partidaren egunean bertan Fadurako zelaian (lekuak bete arte).

Finalerdiaren aurkezpenean, gaur goizean Faduran, Eh Kirolaren ordezkari Kike Zurutuzak azpimarratu duenez, “maila handiko kirol ikuskizuna da, partidu gogorra eta lehiatua eskainiko duena, euskal taldeen maila parekatzen ari baita, ez daude garai batean zeuden berdintasun horiek”.

Carlos Sergio Getxo Kirolakeko presidenteordeak, bere aldetik, zale getxotarrak partidara joatera animatu ditu, baina arduraz. "Udalarentzat ohore handia da horrelako partida bat jasotzea eta antolatzea. Horrelako ekitaldi bat antolatzen den bakoitzean, bertaratzen den pertsona bakoitzak erantzukizun indibiduala du behar bezala garatzeko", esan du.

Txapelketako A multzoko finalerdi honetako talde garaileak, ordu berean Beasainen Real Sociedad eta Alavesek jokatuko duten partidako irabazlearen aurka jokatuko du finala. Finala astebete beranduago izango da, igandean, hilaren 29an, Zarauzko Asti zelaian.

Bizkerre FT torneoko B multzoan

Euskal Herria Kopak Getxoko ordezkaritza ere badu, Bizkerre Futbol Taldeak B multzoan parte hartzen baitu. Bizkerreko neskak zuzenean sailkatu dira finalerdietarako eta kanporaketa Oiartzunen aurka jokatuko dute, azken horren zelaian, igandean bertan, 12:00etan. Sailkatutako taldeak San Inazio eta Añorgaren arteko finalerdiko irabazlea izango du aurkari. EH Kopako B multzoko finalaren eguna eta ordua oraindik zehaztu gabe dago, baina ziurrenera abuztuaren 28-29ko asteburuan jokatuko da.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +