2021/5/10
Bizkaia Zubiaren inguruan, Areeta, Zugatzarte eta Algorta etorbideen hiri-eraldaketarako proposamenari buruzko erakusketa ibiltaria egingo da gaurtik aurrera: Bizkaia Zubitik Neguriko Dario Regoyos-gasolindegiko bidegurutzeraino arteko hiri-eraldaketa. Amaia Agirre alkateak eta Janire Ocio Udaleko Azpiegitura, Obrak eta Zerbitzuetako zinegotziak gaur goizean aurkeztu dute proposamen hori, mugikortasun jasangarria, segurtasuna eta eraginkortasun energetikoa oinarri hartuta. Obrek 1.400.000€ inguruko aurrekontua dute, aurtengo azaroan hasiko direla uste da, eta lanak egiteko aurreikusitako epea 8 hilabetekoa da.
Amaia Agirre alkateak bere hitzaldian azpimarratu duenez, “udal gobernua aurrera doa Legegintzaldiko Plan honetan hartutako konpromiso nagusietako batean: Getxo mugikortasun jasangarriaren erreferente izatea. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen eta ibilgailu motordunen arteko bizikidetza ahalbidetzeko 30 km/h-ko gehieneko abiadura duten eremuak handitu ondoren, orain Bizkaia Zubiaren plazatik Neguriko gasolindegi zaharrera doan eremu baten hiri-eraldaketari ekingo diogu, Zugatzarte etorbide osotik – Getxoko birika berdeetako bat – igarota eta hiriko eta La Avanzadako sarbideak hobetuta. Hori guztia, ibilgailuen trafikoa motelduz eta, beraz, segurtasuna areagotuz eta kutsadura akustikoa gutxituz. Helburua oinezkoari eta bizikleta erabiltzeari lehentasuna ematea da, aisialdi- edo garraio-inguruneetan, bidegorrien sarearen bidez hiriko hainbat puntu lotzen baitira”.
Proiektuak bat egiten du Getxoko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren helburuekin, udalerri osasungarriagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa izan dadin. Janire Ocio Azpiegitura, Obrak eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, “hiri-egituraren baldintza fisikoak optimizatzearen aldeko apustua da, baina, batez ere, ingurumen-jasangarritasuna bultzatzearen eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzearen aldekoa, ingurune naturalak (esaterako, Zugatzarte pasealeku osoko berdegunea) errespetatzen dituzten hiri-eremuak lortzeko neurrien bidez. Jarduera nagusienetakoak dira: herritarrak egoteko eta gozatzeko bi gune prestatuko dira, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolaren aurrean eta Ama Mesedeetako elizaren aurrean; zirkulazioa berrantolatuko da eta lasaituko da hainbat bidegurutzetan, biribilguneak sortuz: La Avanzadan eta Arriluze-Ereagarako zuzengunean, Lertegi kalean, Andrés Larrazabal eta Areeta etorbidearen elkargunean, eta Pinar eta Club kaleetako sarbidean; joan-etorriko bidegorrien sareari jarraipena emango zaio trazatu osoan, kasu batzuetan beste bidegorri batzuekin konektatuz eta etorkizuneko loturekin lotzeko aukera emanez; espaloiak zabalduko dira, autobus-geltokiak bereiziko dira, eta herriko argien eraginkortasun energetikoa hobetuko da led argiekin, kontsumoan % 45 aurreztuz”.
Zortzi jarduketa nagusi
Proiektuak 5.000m2 baino gehiago irabazten dizkio ibilgailuari mugikortasun iraunkorraren alde, eta 1.300m2 baino gehiago galtzadari, aisialdirako eta pertsonen gozamenerako guneen alde; 34.000 m2 baino gehiagoko azaleran egingo dira lanak eta zortzi jarduketa nagusi planteatzen dira hiri-bilbean ia 2 km bide integratzeko:
- Andrés Isasi Musika Eskolaren aurrealdea. Oinezkoentzako eta egoteko espazio berri bat ere sortuko da, eta Barria kalearen eta Areeta etorbidearen arteko bidegurutzea berrantolatuko da. Bidegorriak jarraituko du Bizkaia Zubia plazaraino, Tomas Olabarri kaiko bidegorriarekin bat egiteko.
- Ama Mesedeetako elizaren aurrealdea. Herritarren egonaldi eta gozamenerako gune irisgarri berriak planteatzen dira, bidegurutzean Bizkaibus ezkerrera biratzea ahalbidetuz, eta bidegorriak jarraitzen du.
- Andrés Larrazabal eta Areeta etorbideko bidegurutzea. Bidegurutzea berrantolatuko da biribilgune batekin; autobus-geltokiak, espaloiak eta bidegorri eremuak bereiziko dira, eta bidegorria Areeta etorbidean ere jarriko da.
- Pinar kalerako sarbidea, biribilgune batekin eta espaloi irisgarri batekin, TAO aparkaleku arautua izango duena Zugatzarte etorbidean, Zugatzarte etorbideko bidegorriaz gain.
- Lertegiko bidegurutzea. Lertegiko bidegurutzea berrantolatuko da, eta biribilgune bat eta bidegorria jarri dira Zugatzarte etorbidetik, eta autobus-geltokiaren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuko da.
- La Avanzada errepideko bidegurutzea. Biribilgune bat sortuko da; jarraitutasun segurua emango zaio Zugatzarterako bidegorri-sareari, eta La Avanzadako bidegorriarekin lotuko da.
- Arriluze-Ereagako zuzengunerako sarbidea, bidegurutzearen berrantolaketa berri batekin, biribilgune bat eraikiz. Bidegorri-sareari jarraitutasun segurua ematen zaio Zugatzarte etorbiderantz, eta Areetako Kaia – Ereaga – Portu Zaharreko bidegorriarekin lotuko da. Horrez gain, La Avanzadatik gaur egun hurbilen dagoen Bizkaibuseko autobus-geralekua birkokatuko da.
- Dario Regoyos biribilgunea (Neguriko gasolindegia). Bertan, bidegorria luzatuko da, Leioa hiribidearekin etorkizunean lotzeko. Autobus-geltokiak, espaloiak eta bidegorria bereiziko dira.
Erakusketak, erakusketen datak eta herritarren ekarpenak
Erakusketan hiru etorbideetako jarduketak ikus daitezke. Areeta etorbidea eta Algorta etorbidearen zatia, proiektua egituratzen duen Zugatzarte etorbideak lotuta. Historia pixka bat eginez, Zugatzarte etorbidea Areetako hondartzako hareatzek estalitako ingurune bat izan zen, kaia eraiki zen arte. Kaia izan zen ingurua txukuntzea eta zuhaitzak landatzea ahalbidetu zuena, Zugatzarte izenarekin bataiatzeko (‘zugatz-zuhaitz’ eta ‘arte’ atzizkiaz osatutako nomenklatura). Harrigarria bada ere, 1938an abere-larre zen. 1941ean, Avenida el Triunfo (Garaipenaren Etorbidea) izena jarri zioten, demokraziaren itzulerarekin Zugatzarte izena berrofizialdu zen arte.
Proiektuari buruzko erakusketak hiru eszenatokitatik igaroko dira eta herritarren ekarpenei irekita dago:
> Bizkaia Zubia: maiatzaren 10etik 18ra.
> Kaiko Pasealekua (La Bola hondartza): maiatzaren 18tik 25era.
> Areetako Geltokia plaza: maiatzaren 25etik 31ra.
Proposamenerako ekarpenak aurkezteko epea irekita egongo da egun horietan, eta honela egin ahal izango da:
1. Online formularioaren bidez, web-helbide honetan: https://www.getxo.eus/eu/gobierno-abierto/participacion/etorbideak
2. Erakusketen ondoko postontzian, adierazitako egun eta lekuetan, izena, bi abizen eta NANa jasota, edo, bestela, aste honetan banatuko den Getxoberrin proposamen honen gainean banatuko den gehigarri bereziaren ebakinaren bidez.
Informazio gehiago eta online inprimakia