2025/12/10
Getxoko Udalak, Ekonomia Sustapen Arloaren bitartez, abian jarri du 2025eko Gabonetako Oparitu Getxo/Regala Getxo kanpaina, Gabonetan tokiko merkataritzaren sustapena, dinamizazioa eta ikusgarritasuna bultzatzeko asmoz. Proposamenak udalerriko hiri-jarduera ekonomikoari lotutako 100 merkataritza-establezimendu eta zerbitzu pertsonalekoak biltzen ditu.
Kanpainaren erakargarri honek bezeroak aintzatestea eta merkataritza-ardatz nagusiak dinamizatzea du helburu nagusitzat.
Aurten, Jaime Hayde artista getxoztarrak motxila esklusiboa diseinatu du, udalerriko hainbat txokotan inspiratutako ilustrazioa duena. Parte hartzen duen establezimendu bakoitzak 50 unitate inguru izango ditu, eta doan emango zaizkie erosketak egiten dituztenei.
Kanpainak, gainera, GetxOparien ezusteko ekintzak izango ditu merkataritza-ardatz nagusietan. Izan ere, Gabonetako pertsonaia magikoek sariak emango dizkiete Gabonetako erosketak udalerriko lau merkataritza-ardatz nagusietako edozeinetan egiten dituztenei: Areeta, Romo, Algorta eta Andra-Mari. 30 euroko edo gehiagoko Gabonetako erosketak egiten dituzten pertsonek zuzeneko sariak eskuratu ahal izango dituzte, hau da, 50 euroko opari-txartelak. Sari horiek bakoitzari egokitzen zaion establezimenduan trukatu ahal izango dituzte.
Era berean, kalean hainbat dinamizazio-ekintza izango ditugu: abenduaren 18tik aurrera, "Sama Siku" fanfarrea izango da eta GetxOparien opari-banaketa Areetako merkataritza-gunean; abenduaren 19an, txaranga "Dunbots"en eskutik eta opari-banaketa Algortako merkataritza-gunean; magia-ikuskizuna, "Niala magoa" protagonista duena, eta opari-banaketa, hilaren 22an, Andra Mari merkataritza-gunean; eta, azkenik, 26an, trikitixa eta opari-banaketa Romoko merkataritza-gunean.
Kanpainaren helburua da Getxoko saltokien erakargarritasuna indartzea Gabonetan, kaleak dinamizatzea eta hurbileko merkataritzari herritarrek ematen dioten babesa sendotzea.