


Aurkezpena
Getxoko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren ezaugarri nagusiak biltzen dira atal honetan.
Hainbat kaxatan egituratuta dago:
- Zer da? Deskribapena
2017tik 2030era bitarteko mugikortasunaren alorreko Udalaren jarduerak elkarrekin jarri eta ordenatuko dituen tresna da Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana. Getxon egiten diren joan-etorriei eragiten dieten alderdi guztiak koordinatuko ditu, hiria osasungarriagoa, iraunkorragoa eta seguruagoa izan dadin.
- Zergatik? Jatorria
Mugikortasun-politikek eragin zuzena dute getxotarren bizi-kalitatean eta udalerriaren jarduera sozioekonomikoan. Azken urteotan maila guztietan (urbanistikoak, ekonomikoak, azpiegiturei dagozkienak, demografikoak…) gertatzen ari diren aldaketak kontuan hartuta, beharrezkoa da mugikortasunaren arloko beharrizan eta eskaera berriei buruz hausnartzeko tartea hartzea.
- Zertarako? Elementu nagusiak eta helburuak
- Udalerrian motordun ibilgailuetan egiten diren joan-etorriak murriztea eta ingurumena gehiago errespetatzen duten eta eraginkorragoak diren garraiobideen erabilera sustatzea (garraio publikoa, bizikleta, oinezko joan-etorriak).
- Herritar guztiek helmuga eta zerbitzu nagusietara iristeko garraio-aukerak izatea sustatzea; alegia, mundu guztiaren irisgarritasuna bermatzea.
- Bide-babesa eta bide-segurtasuna hobetzea hirigune osoan, biktima bakar bat ere egon ez dadin.
- Airearen eta zarataren kutsadura, berotegi-efektua sortzen duten gasen isuriak eta energia-kontsumoa gutxitzea.
- Pertsonen eta salgaien garraioaren eraginkortasuna eta errentagarritasuna hobetzea.
- Hiri-eremuaren erakargarritasuna eta ingurumenaren kalitatea hobetzen laguntzea, herritarren, ekonomiaren eta gizarte osoaren mesedetan.
Azken finean, Getxo hiri iraunkorragoa, osasungarriagoa eta seguruagoa izatea du helburu HMIPak.