2025/1/8
Ezagutzan, tresna emozionaletan eta gaitasun digitaletan sakontzea izango da Getxoko Udalak udalerriko familia eta hezitzaile interesatuentzat antolatutako Zentzuzko erabilera eta osasuna saretzen tailerraren helburua. Doako ekimena ZEOS programaren barruan kokatzen da, belaunaldi berriei, nerabeei, hezitzaileei eta familiei erraminta emozional eta gaitasun digitalak bermatzea, gazteen bizitza hobetzeko, eta aldi berean, etorkizun osasuntsuago bat eraikitzeko. “Tailer hauen bidez, familiek teknologiak beren eguneroko bizitzan modu osasuntsuan integratzea bilatzen da, teknologia horien erabilera egokia erraztuz eta sustatuz. Dinamizazio digitalak hainbat abantaila eskaintzen ditu, hala nola gizarte-inguruarekin komunikazio hobea izatea, tresna teknologikoak erabiltzean segurtasun eta autonomia handiagoa izatea, eta tresna horiek behar bezala erabiltzen ikastea ", azaldu du Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.
Tailerrak lau saio izango ditu, Telmo Lazkano irakasle eta sare sozial eta pantailen arloko adituak, eta Maitane Ormazabal, terapeuta eta Psikoterapia Laburrean adituak eskainita, urtarrilaren 22an, 24an, 27an eta 29an, 18:00etatik 20:00etara, Romoko Kultur Etxean, lehena izan ezik, hori 18:30etik 20:30era izango delako. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute hilaren 17rako https://labur.eus/1t7WJ loturan.
Egitaraua
Tailerraren lehen saioa Mugikorraren Auziaren Formazio Integrala izenekoa izango da. Horretan programaren nondik norakoak azaldu ostean, teknologia hauek (sare sozialak…) benetan ulertzeko beharrezkoa den ezagutza sakona eta sendoa landuko dute, nerabeen neurologiarekin batera.
Bigarrenean, Osasun mentalean barrena gaur egungo nerabeen buru osasuna ulertzeko beharrekoa den ezagutzan murgilduko dira, eta elikadura nahasmenduak, antsietatea, depresioa, autolesioak eta abarren nondik norakoak landuko dituzte, horien iturbururekin eta erantzunekin batera.
Sare Sozialen Arrisku eta Erabilera Formazioa izango da hirugarren saioaren gaia, etxean orokorrean, eta gure nerabeekin konkretuki, mugikorrarekin harreman osasuntsu bat izateko eskura dauden tresnak, ohiturak eta heziketa eskainiko dituzte.
Azken saioa Nerabezaroan barrena izango da, beldurrak, balioak, autoestimua eta identitate eraikieraren garrantziaren bitartez inteligentzia emozionalaren garapena lan egiteko.