Berriak

Klima Aldaketara Egokitzeko Plana

2021/04/27

Udalak Getxo Klima Aldaketara Egokitzeko Plana izango du urte honen amaierarako

Portu Zaharra

Getxo Klima Aldaketara Egokitzeko Plana idazteko zerbitzua esleitu du Udalak, 25.276 eurotan. Plana idazteko lanen iraupena zazpi hilabetekoa izango da. “Plan horrek beharrezko informazioa eta tresnak emango dizkio udalerriari, klima-aldaketarekiko erresilienteagoa eta jasangarriagoa izan dadin, hau da, klima-aldaketaren ondoriozko fenomenoen aurrean oreka berreskuratzeko gaitasun handiagoa izan dezan. Horretarako, urrakortasunaren eta arrisku klimatikoaren diagnostikoa egingo da, bai eta Ekintza-Plan bat ere, gure udalerrian ezarri beharreko epe labur, ertain eta luzerako neurriak jasoko dituena, inplikatutako eragile nagusien parte-hartzearekin”, azaldu du Joseba Arregi Hiri Ingurumen Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak. Denborari dagokionez, planak gutxienez 30 urte hartuko ditu.

Aztertuko diren mehatxu klimatikoak euriteek eta kostaldeko fenomenoek eragindako uholdeak, bero-boladak eta lehorteak izango dira. Eta arrisku klimatikoaren estimazioaren kalkulua haiekiko dugun esposizioaren, gure testuinguruaren sentikortasunaren eta egokitzeko gaitasunaren arabera egingo da.

Horren ondoren, lehentasunezko ekintza-neurriekin egokitzeko estrategia egingo da, balorazio ekonomikoarekin, jarraipen-adierazleekin eta plana dauden beste batzuekin koordinatzeko mekanismoekin batera.

Parte hartzeko prozesuak, bai barnekoak (udaleko teknikarien eta politikarien artekoa), bai kanpokoak (funtsezko eragileekin: udalerriko gizarte-sarea, elkarte sektorialak, ezagutzaren kudeatzaileak, etab.), hiru tailer bilduko ditu.

Planaren azken dokumentutik gehienez bost orriko laburpen bat aterako da, hizkera ez-konplexuan, ulergarria izan dadin, eta herritarrei komunikazio-jarduerak egiteko materiala ere jasoko da.

Egokitzeko Plana bat etorriko da Europako Itun Berdearekin eta KLIMA 2050 Euskadiko Klima Aldaketaren Estrategiarekin.

Getxo Udalsarea 21en parte da. Udalerri jasangarrien euskal sarea da, eta 2003az geroztik honako hauek dira haren lan-ildo nagusiak: iraunkortasun-irizpideak dituen udal-kudeaketa; ingurumen-kalitateari buruzko informazioa eskuratzea eta herritarren parte-hartzea aktibatzea; hirigintza jasangarrian aurrera egitea; udalerriko natura-balioak, biodibertsitatea eta paisaia zaintzea; eta ingurumen-kalitatea eta baliabideen erabilera jasangarria.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +