Berriak

Udalak plan bat abiatu du

2016/10/14

Udalak plan bat abiatu du Galea-Azkorri arteko kostako txilardien ekosistema babesteko

Galea

Udalak plan pilotua abiatuko du udazken honetan Azkorri-Gorrondatxe hondartza eta Galeako Lurmuturraren artean dauden kostako txilardien ekosistema hobetu eta babesteko.
Ekosistema horrek lehentasuna dauka Europan zaindu eta berreskuratzeko, gure Lurralde Historikoan asko eskastu edo oso hondatuta dagoelako, gizakien eraginagatik eta higadura-prozesuengatik.

Kostaldeko txilardiari balioa emateko  eta hura berreskuratzeko egitasmoak aurreikusten du bi eremu ixtea modu esperimentalean, pertsonen joan-etorriaren eraginez aipatutako ekosistema hondatzen ari baita bi eremu horietan. Bietan –bata Azkorriko aparkalekuaren ondoan dagoena eta bestea Alpenarri puntaren inguruan, Tunel Bokako senadiaren alboan-, esklusio-eremu bana mugarrituko da higatutako espazioak indartzeko, txilar landareak (Erica vagans) landatuz, eta landarediak espazio horiek era naturalean birkoloniza ditzan. Lan horrek, hesien eta ingurumen-efektuen jarraipena ekarriko du.

“Proiektua iragan maiatzean abiatu genuen boluntarioentzako ingurumen-jardunaldi batekin, eta  haren helburua kontserbazioa eta partaidetza soziala bateratzea da, proposatutako helburuak ahalik eta modu onenean lortzeko ezinbesteko faktorea baita”, aipatu du José Luis Landa Ingurumen zinegotziak.
Batetik, gizartearenganako komunikazioan eta haren parte hartze aktiboan oinarritzen da proiektua. Ondorioz, bi kartel ipiniko dira, kartel bana aipatutako bi eremuetan, eta hitzaldi bat ere antolatuko da ekosistema berezi horri garrantzia emateko eta bere kontserbaziorako irizpideak azaltzeko. Hitzaldia datorren asteartean, urriak 18, egingo da Villamonteko Kultur Etxean, 19:30ean.
Horrez gainera, datorren larunbatean, hilak 22, ibilbide bat egingo da herritarrei proiektua azaltzeko. Irekia izango da ibilbidea eta Azkorriko aparkalekuan hasiko da 09:30ean.

Bestalde,, eta etorkizunari begira, partaidetza soziala sendotu nahi da ingurumeneko boluntariotza-jardunaldien bitartez (espezie exotiko inbaditzaileen kanporatzea, zaborrak eta zuhaixken landaketa).

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +