Getxok Eskola Bidea proiektua jarri du martxan, ikasle gazteenek eskolara egiten dituzten joan-etorrietan mugikortasun iraunkor eta segurua sustatzea helburu duen ekimena. Proiektuaren bidez, Getxo umeentzako udalerri atseginagoa izatea lortu nahi da, kaleetatik modu autonomoan, aktiboan eta seguruan mugitu daitezen eta espazio publikoa berreskuratu dezaten.
Ekimena Francesco Tonucci pedagogo italiarraren Haurren Hiria proiektuan oinarritzen da. Hiriak adingabeen ikuspegitik antolatzea helburu duen partaidetza proiektua da, eta bere sortzaileak defendatzen duen bezala, hiria haurrentzako erosoa, segurua eta bizitzeko modukoa izatearen alde lan egiteak gizarte osoari mesede egiten dio.