2026/11/27
Getxo gizonezkoen taldea igandean estreinatuko da Kopan
Datorren igandean (12:00), Getxo RTko gizonezkoen taldeak Errege Kopako multzoen faseko bi neurketetako lehena jokatuko du. Baldiri Aleun izango da, Santboiana talde historikoaren aurka. Norgehiagoka F multzoko bigarren jardunaldiari dagokio. Lehen jardunaldian, El Salvadorrek kataluniarrak mendean hartu zituen Valladolideko Pepe Rojo zelaian, 47-17ko emaitzarekin. Final-laurdenetara sailkatu nahi badu, Getxok irabazi egin beharko du, eta abenduaren 5ean, larunbatean, Faduran, El Salvadorren aurkako partidan erabakiko du dena.
Igandeko partida zaila izango da, Santboiana Ohorezko A Mailako taldea baita, eta final-laurdenetara iristeko dituen aukera urriak agortu nahi izango baititu. Horretarako, alde handiz irabazi beharko du, eta, ondoren, Fadurako norgehiagokan emaitzen konbinazio egoki baten zain geratu.
Gogoratu behar da fase honetan 18 taldek hartzen dutela parte: Ohorezko A Mailako zortzik eta Elite Mailako hamarrek. Sei multzo daude, bakoitzean hiru talde, eta multzo bakoitzeko irabazlea final-laurdenetara sailkatuko da. Bertan sartuko dira zuzenean 2025eko Kopako txapelduna, Alcobendas, eta Ligako txapelduna, Valladolideko Quesos Entrepinares.
Bestalde, emakumezkoen taldeak Ligako beste partida bat jokatuko du, El Salvadorren aurka lehen porrota jaso ondoren. Bihar, larunbatean (19:00), Valentziako Turia taldea hartuko du Ligako seigarren jardunaldian. Turia sei taldek osatutako sailkapeneko azkenaurreko postuan dago, bi garaipen eta hiru porrotekin; Getxok, berriz, lau garaipen eta porrot bakarra ditu.