2026/11/25
Argazkia: Artxibo
Jolaseta gizonezkoen taldeak Pedralbes mendean hartu zuen zuzeneko lehian
Jolaseta gizonezkoen taldeak Pedralbes mendean hartu zuen joan den larunbatean, 2-1eko emaitzarekin. Bigarren faserako begira, puntu oso baliotsuak zeuden jokoan, bi taldeek igoera faseko multzoan jokatuko baitute, nahiz eta talde katalanak ezin izango duen mailaz igo, RC Poloren filial delako.
Partidako hiru golak zortzi minututan iritsi ziren, guztiak bigarren laurdenean. 19. minutuan, Javier Rojík aurretik jarri zuen Pedralbes, baina Jolasetak bi minututan irauli zuen markagailua, 25. eta 27. minutuen artean. Diego Alcíbarrek eta Mateo Michel Larrouletek jokaldi bidez lortu zituzten golak. Partidako azken ordu erdian ez zen markagailua aldatu, eta gure taldeak oso ondo jakin zuen abantaila kudeatzen. Emaitza honekin, lehen fasea amaitzeko bi partida falta direla, Jolasetak lider jarraitzen du 30 punturekin. Vallések (Atlètic Terrassaren filiala) 29 puntu ditu, eta Real Sociedad 1927 taldeak (Club de Camporen filiala), 28. Pedralbes laugarren dago, 21 punturekin.
Gogoratu behar da lau talde horiek igoera fasean arituko direla, baina Jolasetak bakarrik izango duela mailaz igotzeko aukera. Lau taldeen arteko partidetako emaitzak kontuan hartuko dira igoera faseko sailkapena osatzeko. Hala, Madrilgo taldeak 10 punturekin ekingo dio faseari; Jolasetak 9 ditu, azken jardunaldian Vallésen aurka jokatzeke duen partida falta zaiola. Vallések berak 5 puntu ditu, baina beste sei puntu izango ditu jokoan azken bi jardunaldietan, Pedralbesen eta Jolasetaren aurka. Bartzelonako taldeak, berriz, lau puntu pilatu ditu, datorren astean Vallésen aurka jokatzeke duen partidaren zain.
Marc Salvatellaren mutilek Iluro hartuko dute larunbatean, arratsaldeko hiruretan. Norgehiagoka horretan jokoan egongo diren hiru puntuek ez dute balioko bigarren itzulirako bi taldeetako batentzat ere.
Beste multzoan, Sant Cugat (Juniorren filiala) eta Pozuelo sailkatuta daude dagoeneko. Azken horrek Jolasetarekin batera igoeraren alde lehiatzeko aukera izango du.
Bestalde, emakumezkoen taldeak ezin izan zuen Benalmádena azken sailkatuaren aurka garaipena lortu Getxon, eta bana berdindu zuen. Kolpe gogorra izan zen, aurkariak garaipen bakarra eta hamar porrot baitzituen norgehiagokara iritsi aurretik. Garaipenak azken bi jardunaldiei begira bere esku utziko zukeen jaitsiera saihesteko borrokatik kanpo geratzeko aukera. Orain bosgarren dago, laugarren den Málaga Rincón de la Victoriatik lau puntura. Talde hori igandean hartuko du, goizeko hamaiketan.