2026/11/24

Argazkia: RC Jolaseta
Jolasetako gazte mailako gizonezkoen taldea Kopako azken faserako sailkatu da
Jolasetako gizonezkoen taldea Espainiako Gazte Mailako Kopako azken faserako sailkatu da. Bartzelonako Pau Negrén jokatutako multzoan lehen postua lortu zuen, bi aurkariak goleatuta. Santanderrko Sardinerori 8-1 irabazi zion, eta FC Bartzelonari 6-1. Multzoko lehen postua eskuratuta, abenduaren 5etik 8ra Benalmádenan (Malaga) jokatuko den azken faserako txartela lortu du.
Zorte txarragoa izan zuten Getxoko emakumezkoen taldeek. Jolasetak Madrilgo Somontesen jokatu zuen. Lehen bi partidetan garaipen zabalak lortu zituen: Madrilgo DxT taldeari 9-0 irabazi zion, eta Terrassako Egarari 8-0. Sektoreko azken partidan Madrilgo Hocquet taldearen aurka neurtu zituen indarrak. Norgehiagoka 0-0 amaitu zen, eta berdinketa horren ondorioz shoot-outetara jo behar izan zuten, bi taldeek puntu kopuru bera lortu baitzuten sailkapenean. Azkenean, madrildarrak nagusitu ziren eta azken faserako txartela eskuratu zuten.
Antzeko zortea izan zuen Stick Getxoko emakumezkoen taldeak Almeriako Retamarren. Benalmádenaren aurka 9-0 galdu zuen lehen jardunaldian, eta porrot horrek baldintzatu zuen sailkapena. Bigarren partidan 2-1 irabazi zion Taburienteri, eta multzoko bigarren postua lortu zuen; hala ere, ez zen nahikoa izan Kopako azken faserako sailkatzeko.