2026/11/23

Onbidera itzultzen da Erromo Gobelan Tarazonari irabazita
ERROMO 35-24 TARAZONA
ERROMO ET: Martinez; Rodrigo (1), Juarez (4), Alex Winterbottom (2), Riego (5), Osante (2) eta Valiente (2)-hasierako taldea-. Aulkian: Lucia, Quijano (1), Urdiales (2), Julen Winterbottom (1), Sastre (6), Torres (6), Sergio (2) eta Indjai (1)
BALONMANO TARAZONA: Marcos; Aaron (2), Kuolechok (6), Dominguez, Segoviano (2), Vergara eta Flores Huerta (4)-hasierako taldea-. Aulkian: Alvaro, Vazquez (1), Peinado (2), Garza (4), Jimenez (1), Ugalde (1) eta Carraquino (1)
Epaileak: Unai Garcia Arrontes eta Egoitz Burgo Crecente
Partzialak: 15’: 9-6 / Atsedenaldia: 18-11 / 45’: 28-16 / Amaiera:35-24
Garaipenaren bidera bueltatu da Erromo atzo goizean Gobela kiroldegian Tarazona mendean hartuta. Eta merezita, gainera. Ruben Martinek entrenatutakoek neurketa biribila egin zuten hasieratik amaierara arte eta, batik bat, sentzazio onak berreskuratu zituzten ligako aurrekoetan bi porrot jaso ostean segidan. Beraz, partida honetan pilatutako puntuekin, gorritxoek sailkapeneko bosgarren tokiari eusten diote hamar jardunaldi jokatuta.
Oso lehiatuta izan zen lehen zatia bi taldeen artean. Markagailuan agintzen hasi ziren aragoiarrak, baina lehen minutuetan bakarrik. Etxekoek, oso sendo arauzko denbora osoan, baloiaren eta markagailuaren jabetza kontrolatu zuten. Jokabide honi, une askotan defentsan eginiko lan irmoari eta kontrako ateari begira eraginkortasunari esker, 16-7ko partziala eskuratu zuen Erromok atsedenaldira heltzeko bost minuturen faltan, azkenean 18-10 islatzen zuena.
Aldageletatik bueltan, bi lehiakideek bigarren zatiko hasiera nahaspina eskaini zuten, huts galantak eginda. Hala ere, getxoztarrek norabidea zuzendu zuten aurki ez baizuten inolaz garaipena ihes egin nahi. Talde osoko lana izan zen, gainera, Tarazonari irabazteko. Nolanahi ere, Lucia atezainaren geldiketak eta aurkariaren ateari begira Torresen eta Sastreren eraginkortasuna, 6na golekin, azpimarratu behar dira. Beraz, neurketa honetan lortutako puntuez gozatzea tokatzen da datorren asteburuko Trapagaranen aurkako derbia prestatzeko.
Behin partida bukatuta, Erromo taldeko entrenatzaile Ruben Martin kontent eta gogobeteta agertzen zen bere jokalariek eginiko lanagatik eta garaipenaren bidera bueltatzearren.