2026/11/20
Getxo emakumezkoen taldeak lidergoa jarriko du jokoan El Salvadorren aurka
El Salvadorrek eta Getxok emakumezkoen Ohorezko Mailako partidarik esperoena jokatuko dute. Bi talde indartsuenak, orain arte partida guztiak irabazi dituztenak, Valladolideko Pepe Rojo zelaian neurtuko dira igandean, 13:45ean.
Bi taldeen denboraldi-hasiera berdina izan da, garaipen guztiak lortuta. Azken jardunaldira arte, Valladolideko taldea sailkapeneko lehen postuan egon da, puntu bateko aldearekin, baina atsedenaldia egokitu zitzaion. Getxotarrek Pozuelon lortutako garaipenak (20-57) lidergoa eman zien, Valladolideko taldeari lau puntuko aldea aterata.
Nazioarteko jokalari gehien dituzten bi taldeak izango dira aurrez aurre, eta horrek liga titulua lortzeko hautagai nagusi bihurtzen ditu, Majadahondaren baimenarekin. Izan ere, Majadahonda izan da Getxo estu eta garbi estutu duen talde bakarra; Faduran, getxotarrek 18-15 irabazi zuten. El Salvadorrek ere sufritu egin zuen Madrilgo taldearen aurka, baina bere zelaian 34-22 gailendu zitzaion.
Estatistiketan, Valladolideko taldeak zenbaki onenak ditu: aldeko eta kontrako puntuen arteko diferentzia 166 puntukoa da, Getxoren 100 puntuen aldean. Gainera, entsegu gehien lortu ditu, 30, Getxoren 21en aldean, eta aurka entsegu gutxien jaso dituen taldea da, lau besterik ez. Cocos Sevillak zortzi jaso ditu eta Getxok bederatzi.