2026/11/18

Espainiako Gazte Kopako sektoreak jokatuko dira asteburu honetan
Aste honetako ostiraletik igandera bitartean, Espainiako Gazte Kopako sektoreak jokatuko dira, bai gizonezkoen bai emakumezkoen kategorietan.
Emakumezkoen Kopan Jolasetak eta Stick Getxok hartuko dute parte. Jolasetak Madrilgo Somontesen jokatuko du, lehen sektorean. Ostiralean, 11:30ean, DXT Madrilen aurka arituko da; larunbatean, 11:00etan, Terrassako Egara izango du aurkari; eta igandean, 12:30ean, Madrilgo Hocquet taldearen aurka amaituko du sektorea.
Stick Getxok, berriz, hirugarren sektorean jokatuko du, Almeriako Retamarren. Hiru taldeko multzo batean, ostiralean 17:30ean ekingo dio lehiari, Benalmádenako taldearen aurka, eta larunbatean, 12:30ean, Las Palmaseko Taburienteren kontra jokatuko du.
Gizonezkoen Kopan Jolaseta izango da ordezkari bakarra. Hirugarren sektorean dago, eta larunbatean, 12:00etan, Santanderreko Sardinero izango du aurkari. Igandean, 11:00etan, Bartzelonako RC Poloko Pedralbes taldearen aurka jokatuko du. Partidak Bartzelonako Pau Negreren zelaian izango dira.
Sektore bakoitzeko lehen sailkatua azken fasera igaroko da. Emakumezkoen azken fasea Gijongo Covadonga taldearen instalazioetan jokatuko da. Etxeko taldeaz gain, Sardinero, Santanderreko Tenis eta Madrilgo Club de Campo ere sailkatuta daude dagoeneko.
Gizonezkoen azken fasea Benalmádenan jokatuko da, eta bertan izango dira etxeko taldea, Covadonga eta Madrilgo Club de Campo eta Sanse Complutense taldeak.