2026/11/18
Argazkia: Artxiboa
Getxok sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen du Paduraren aurka sei minutuko tarte zoro batean nagusitu ondoren
CD Getxok sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen du ligako lehen laurdena bete denean. Joan den larunbatean 3-1 irabazi zion Padurari. Partidako lau golak sei minutuko tartean iritsi ziren. Asier del Ríok 28. minutuan ireki zuen markagailua, eta bi minutu geroago Iker Odriozolak berdinketaren gola sartu zuen. 32. minutuan Ander Praderak 2-1ekoa egin zuen, eta 34.ean haren anaia Markelek behin betiko 3-1ekoa ezarri zuen. Bi minuturo gol bat. Bi anaiek lau gol daramatzate denboraldi honetan.
Emaitza horri esker, Getxok bosgarren garaipena lortu du, eta hirugarren postuan dago, 17 punturekin. Santutxuk ere puntu kopuru bera du, igoera play-off postuan. Aurrera de Ondarroa nabarmen ari da gainerako taldeen gainetik: lider da 24 punturekin, hurrengo sailkatuek baino zazpi gehiago. Ondarroakoek zortzi garaipen eta porrot bakarra dituzte. Talde liderra izango da gureen hurrengo aurkaria, igandean, eguerdiko hamabietan, Zaldupen. Aukera ona izango da liderrarekiko aldea murrizteko.
Tokiko futbolari dagokionez, eta lurralde mailako kategoria honetan, Neguriren hasiera bikaina ere azpimarratzekoa da Lurraldeko Hirugarren Mailako bigarren multzoan. Bost jardunaldi jokatu ondoren, partida guztiak irabazi ditu. Zuri-berdeak zuzeneko igoera postuan daude, Erandio Brekin batera; azken hori hiru puntura dute. Hirugarren postuan, eta hiru puntura ere, Udondo dago.
Negurik kategoriako Getxoko derbietako bat jokatuko du igandean, 19:00etan, Adrebolen aurka. Aurkariak kontrako dinamika darama, jokatutako lau partidak galdu baititu. Getxoko beste taldea Iturri-Gatxi da, bederatzigarren postuan, lau punturekin.