2026/10/30
Hitzordu bikoitza Faduran Getxo RTko lehen bi taldeentzat
Beste behin, Getxo RTko bi taldeek Faduran jokatuko dute. Bai emakumezkoen taldeak, bai gizonezkoenak ligako hasiera bikainari jarraipena eman nahi diote. Izan ere, biek ez dute oraindik porrotik ezagutu eta sailkapeneko goiko postuetan daude.
Gizonezkoen taldea izango da jokatzen lehena. Bihar, larunbatean, Recoletas Zaragoza hartuko du (16:00). Lau jardunaldi jokatu ondoren, gure taldeak faborito izateko arrazoiak ditu, horietako hiru Faduran jokatu baititu, eta puntu bakarrak galdu ditu Sevillako Ciencias taldearen aurka. Getxo oso indartsu ari da ligako hasiera honetan, eta erregulartasun handia erakutsi du. Joan den asteko Las Rozasen Industrialesen aurkako neurketan ere agerian utzi zuen hori.
Zaragozako taldeak bi garaipen eta bi porrot ditu. Azken bi jardunaldietan jarraian galdu du: duela bi aste Valentziaren aurka, gutxigatik (18-17), eta joan den astean Gernikan (24-38). Gernika da liderra, 17 punturekin eta jokatutako partida guztiak irabazita, Getxok baino puntu bat gehiago duela. Bi taldeek hilaren 8an, igandean, neurtuko dituzte indarrak Urbietan, eguerdiko hamabietan.
Emakumezkoen taldeak, berriz, Cocos Sevilla hartuko du igandean, 13:00etan, ligako hirugarren jardunaldian. Gure taldeak bi garaipen lortu ditu jokatutako bi partidetan, eta bederatzi puntu ditu, El Salvador eta CRAT A Coruñarekin batera. Azken horrek mendean hartu zuen Cocos Sevilla aurreko jardunaldian (22-17), andaluziarrek jokatutako partida bakarrean. Emakumezkoen taldeak ere erregulartasun handia erakutsi du, eta Majadahonda talde indartsuaren aurkako azken neurketan sufritzen jakin zuen, hiru puntuko aldeaz garaipena lortzeko.
Gizonezkoen partida zuzenean jarraitu ahal izango da, online iruzkinekin, gure X kontuan (@GetxoKirolberri) eta webgune honetako «ZUZENEAN» atalean.