2026/10/29

Getxoko Halloween Xake Txapelketa igande honetan jokatuko da
Getxo Xake Klubak Getxoko III. Halloween Xake Txapelketa antolatu du, txikienei zuzendutako ekitaldia. Datorren igandean izango da, Fadurako Tiki Tokin, goizeko hamarretatik 13:30era.
Txapelketa honako kategorietan jokatuko da: 10 urtez azpikoak, 12 urtez azpikoak, 14 urtez azpikoak eta 18 urtez azpikoak. Suitzar sistemaren arabera lehiatuko dira; hau da, parte-hartzaileek bost edo sei txanda jokatuko dituzte, aurkari kopuruaren arabera, denek denen aurka jokatu beharrik gabe. Txanda guztietan puntu gehien lortzen dituenak irabaziko du, eta ez da kanporaketarik izango.
Gehienez ehun plaza egongo dira, eta izen-emateak clubajedrezgetxo@gmail.com helbide elektronikora idatzita egin beharko dira.