2026/10/22

Eguen Fisher getxoztarra Espainiako 18 urtez azpiko selekzioarekin bilduko da
Aviron Bayonnais taldeko Eguen Fisher errugbi-jokalari getxoztarra Espainiako 18 urtez azpiko selekzioarekin aritzeko deitu dute. Taldea Valladoliden bilduko da urriaren 26tik, astelehenetik, azaroaren 5era, ostegunera, bitartean.
Fisher deitutako 35 jokalarietako bat izango da, Pragako (Txekiar Errepublika) Europako Txapelketa jokatzeko. Espainiak iaz irabazi zuen txapelketa, Georgian 16-11 gailendu ondoren, eta, horrela, georgiarren sei garaipen jarraituak eten zituen.
Europako Txapelketa azaroaren 7tik 14ra jokatuko da, zortzi selekzioren parte-hartzearekin. Espainiak Belgikaren aurka jokatuko du final-laurdenetan, azaroaren 7an, larunbatean, goizeko hamarretatik aurrera. Finalerdiak hilaren 10ean, asteartean, jokatuko dira, eta finala azaroaren 14an, larunbatean. Gainerako final-laurdenetan, Georgia eta Polonia, Herbehereak eta Portugal, eta Txekiar Errepublika eta Alemania lehiatuko dira.
Gogoratu behar da Eguenek denboraldi honetan Aviron Bayonnais taldearekin fitxatu duela, Getxo utzi ondoren. Horrela, Telmo anaiaren bideari jarraitu dio, hura ere nazioartekoa baita. Iparraldeko taldean jokatzen duten lau jokalarietako bat izango da.