2026/10/22

Garazi Sánchezek 105 haur bildu zituen Surf Alai ekimenean
Joan den irailaren 20an Surf Alai ekimenaren beste edizio bat egin zen. Garazi Sánchez surflariak bultzatutako ekimenak 105 haur bildu zituen Getxoko La Salvaje hondartzan. Surf Alairen helburua belaunaldi berriak itsasora eta haren zaintzara hurbiltzea da. Adinaren arabera antolatuta, parte-hartzaileek surfaren hastapenak eta hondakinen garbiketarekin eta ingurumenaren zaintzarekin lotutako jarduerak tartekatu zituzten.
Itsasoarekin lotutako Getxoko surflariaren beste proiektu bat da. Surf Alai ekimenak Getxo Kirolaken babesa ere badu, eta dagoeneko 3.500 parte-hartzaile baino gehiago bildu ditu berrogei ikastetxetatik. Ekimenaren bidez, hezkuntza, kirola eta ingurumenaren zaintza uztartu nahi dira. Izan ere, horrelako ekimenei esker, Garazi Sánchezek, bere taldearekin eta ikasleekin batera, tona eta erdi hondakin baino gehiago bildu ditu hondartzak garbitzeko jardunaldietan.
Garazik txikienen ilusioa nabarmendu zuen, baita naturarekin harremanetan egotearen garrantzia ere, hainbat esperientziaz gozatzen duten bitartean. Surfak eta naturak ematen duten energia ere azpimarratu zuen, haur guztiei transmititzen zaiena.
Garazi Sánchez 2028ko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko helburua duen Espainiako surf selekzioko kidea da. Espainiako txapeldun izan da bitan, eta Europako Open txapelketan bigarren postua lortu du. Horrez gain, dokumentalen ekoizlea ere bada. Horien artean dago Vergüenza, Surf Alai ekimenaren sorrera eragin zuena eta 2024ko European Week for Waste Reduction Awards sarietako finalista izan zena.