2026/10/11
Arenasek denboraldiko lehen garaipena bilatuko du bihar Leongo Reino estadioan
Leonesa-Arenas norgehiagokak itxiko du bihar 1. Federazioko 1. multzoko zazpigarren jardunaldia. Partida Leongo Reino estadioan jokatuko da, arratsaldeko lauretan. Joan den astean Lasesarren lortutako puntuaren zapore gazi-gozoaren ondoren, Arenasek lehen garaipena bilatuko du aurkari indartsu baten aurka. Izan ere, Leonesak urtero du igoera lortzeko helburua.
Arenas sailkapeneko azken postuan dago, sei jardunalditan bi puntu besterik ez dituela lortu. Gainera, atzo UD Ourensek Barakaldori 2-0 irabazi ondoren, gure taldea da denboraldi honetan oraindik garaipenik lortu ez duen bakarra. Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina orain arteko emaitzei buelta ematea premiazkoa da. Hiru talde hiru puntura ditu, eta beste bi bi puntura: Barakaldo eta Mérida. Azken horrek salbazio postua markatzen du, nahiz eta gaur bere partida jokatu behar duen.
Gakoetako bat defentsan sendo aritzea izan daiteke. Izan ere, oraingoz Arenasek ez du partida bakar batean ere atea hutsean mantentzea lortu, eta hori zama handia izan da jokatutako sei jardunaldietan.
Leongo taldea ere ez da unerik onenean iristen. Zortzi puntu ditu, eta bi garaipen, bi berdinketa eta bi porrot pilatu ditu. Hala ere, etxean bi partida baino ez ditu jokatu. Lehenengoan, Méridari 1-0 irabazi zion; bigarrenean, berriz, bina berdindu zuen igo berri den Coriaren aurka. Reino estadioan punturen bat lortzea eta, ahal bada, garaipena eskuratzea moral-injekzio handia izango litzateke puntuen beharra duen taldearentzat.
Arenas eszenatoki horretara itzuliko da azken bisitatik 46 urtera. Orduko hartan, Bigarren B Mailan jokatu zuen lehen denboraldia zen, eta 3-2 galdu zuen. Bi talde historikoren arteko norgehiagoka errepikatuko da, bi klubek Bigarren Mailan bat egin baitzuten bitan: 1941-42 eta 1943-44 denboraldietan.