2026/9/8

Grafismoa: RC Jolaseta
Asteburuan Tomás Martín Muñío Memoriala jokatuko da
Patin hockeyko Tomás Martín Muñío Memoriala asteburu honetan jokatuko da Jolasetako Pepín López kiroldegian, eta klubeko gazte mailako jokalaria izandakoa gogoratuko dute berriro.
Gainera, Jolasetaren denboraldi-aurreko prestaketa zorrotza izango da, lehiaketa hasi baino hilabete eskas falta denean. Asteburuko hitzorduan Frantziako Merignac eta Coutras taldeak, biak Akitanikoak, A Coruñako Dominicos eta etxeko taldea, Jolaseta, bilduko dira.
Larunbatean ligaxka sistemako txapelketaren lehen bi jardunaldiak jokatuko dira. Goizeko hamarretan Merignac eta Dominicos ariko dira, eta hamabietan Jolaseta-Coutras. Arratsaldean, sei eta zortzietan, Merignac-Coutras eta Jolaseta-Dominicos partidak jokatuko dira, hurrenez hurren.
Igandean azken bi partidak jokatuko dira. Goizeko hamarretan Dominicos-Coutras izango da, eta 12:30ean Merignac-Jolaseta. Bi neurketen artean klubeko beteranoen arteko lagunarteko partida jokatuko da, Tomásen senide eta lagunekin batera. Ondoren, lore-sortak emango zaizkio omenaldia egingo zaion familiari.