2026/9/4

Bizkerreko lehen taldearentzat egutegi bizi-bizia denboraldiaren hasieran
Bizkerrek hiru partida jokatuko ditu zortzi egunetan 2026-27 denboraldiari ekiteko. Ligako bi neurketa eta tartean jokatuko duen Kopako partida batek hasiera oso zorrotza ekarriko diete gureei.
Datorren larunbatean (16:00etan), liga hasiko dute 2. RFEF mailan, Boluen Racing de Santander taldearen bisitarekin. Partida garrantzitsua izango da, beti baita ona denboraldia garaipen batekin hastea. Joan den denboraldian, Boluen jokatutako norgehiagoka berdinketarekin amaitu zen.
Asteazkenean, hilak 9, Castañosera joango dira Burgosen aurka Kopako partida jokatzeko, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Hiru partidako ibilbide hau amaitzeko, Oviedon jokatuko dute, El Requexónen, eguerdiko hamabietatik aurrera.
Taldearen denboraldi-aurrea oso ona izan da. Bost partida jokatu dituzte, eta balantzea honakoa izan da: bi garaipen, Osasunaren eta Arratiaren aurka, azken bi norgehiagoketan; bi berdinketa, Eibarren eta Racing beraren aurka; eta porrot bakarra, Athleticen aurka, 2-0eko emaitzarekin.
Helburua, beste behin ere, mailari eustea izango da, estutasunik pasa gabe, duela bi denboraldi kategoria honetara itzuli zirenetik.