Argia Ereiten Getxoko Euskara Saria

Zure inguruan NOR DA euskararen alde EGUNERO lan egiten duena?

Bidali zure hautagaitza, urriaren 20ra arte epea zabalik 

OHARRA: Inkesta jaitsi eta bete ondoren, BIDALI botoiaren bitartez bidali. Hala ere ezin bada, igorri helbide honetara: euskara@getxo.eus

Bidean erromeria taldeak jaso zuen 2025eko Argia Ereiten Euskara Saria

SARIAREN EZAUGARRIAK

Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak EUSKARA SARIA eman zuen lehen aldiz 2010ean. Sari honen bidez, euskararen babesean, laguntzan edo hedapenean nabarmendu diren pertsonek edo gizarte-eragileek egindako lana saritu nahi da.


Saria erakundeek, elkarteek eta pertsona fisiko edo juridikoek jaso dezakete. Saria ematerakoan, saritutako lanaren eta jardueraren kalitatea eta zentzua hartzen dira kontuan, bai eta euskararen normalizazioari zentzu guztietan egiten zaion ekarpena ere. Elkarteak edo izendatutako pertsonak izan duen ibilbidea eta jarraitutasuna ere oso kontuan hartzen dira.

ZEIN DA SARIA?

Saria Ibon Garagarza eskultore getxotarraren lana da. Forma paraleloz osatutako eskultura da. Lehenengo formak, Getxoren mapa fisiko sinplifikatua erakusten du eta era berean, Getxon euskaldunen komunitatea osatzen duten pertsonen arteko harreman sozial, emozional, sentimentalak irudikatu nahi ditu. Horren paralelo, bigarren formak hizkuntza adierazten du; toki jakin batean, harreman sare baten gainean, sustrai eta adarrak balira bezala garatzen direla hizkuntza harremanak esaten digu. Bigarren forma edo sare honek erakusten digu elkarrekin harremanean, lotura eta korapiloak sortuz eta batak bestea indartuz, hizkuntza harremanak garatu eta indartzen ditugula mapa fisikoetatik atera arte.