Immigrante eta errefuxiatuei zuzendutako harrerako lehen zeharrako plana
Harrera plana.
Aukera-berdintasuna sustatzea eta kultura-aniztasuna abantailatzat hartzea dira Udalak aurkeztutako Immigrante eta errefuxiatuei zuzendutako Harrerako Lehen Zeharkako Plana. Getxoko Gizarte Kohesioa sustatuz, 2023-2026 izenekoaren ardatz nagusietako bi.
Plana 2020-2023 Legegintzaldiko Planaren barruan dago, eta prozesu transbertsal eta parte-hartzaile baten emaitza da. Prozesu hori 2020an hasi zen, eta hausnarketarako eta hainbat ikuspegitatik, esperientziatatik eta ezagutzatatik eraikitako konponbideak abian jartzeko prozesu kolektiboak bultzatu ditu, eta ikuspegi multidimentsionaletik egiten dio aurre harrerari. Helburua izan da harrera-proposamenak modu komunitarioan eraikitzea tokiko gobernantzaren testuinguruan; izan ere, migrazioaren eta babesaren arloko erantzukizun publikoak nazioarteko, estatuko eta autonomia-erkidegoko lege-esparru bat du, tokiko kudeaketa barnean hartzen duena.
Plana egiteko, Getxon bizi diren edo udalerriarekin harreman zuzena (bertan lan egiten dutelako edo bertan presentzia duten zerbitzuen edo erakundeen arduradun direlako) duten 188 pertsonak parte hartu dute, Talde Eragilearen (17 gizarte-erakundek osatua) eta Foku Teknikoaren (iritsi berriak artatzen dituzten Administrazio Publikoko udaletako eta udalez gaindiko 15 zerbitzuren partaidetzarekin, zeharkako ikuspegia bermatzeko) bitartez. Gainera, lan handia egin da dokumentuen analisian, plangintza-, jarraipen- eta baliozkotze-tailerretan, ordezkari politikoekin egindako saioetan eta inkestetan, besteak beste, 47 etorkini eta errefuxiaturi. Izan ere, ezinbestekotzat jo zen haien ahotsak sartzea, etengabeko elkarreraginarekin, laguntzarekin eta Gizarte Kohesioaren arloarekin batera eraikitzeko prozesuarekin.
Hiru arlotan egituratutako Plana
Getxon 77.001 pertsona zeuden erroldatuta 2021eko abenduaren 31n, eta horietatik 5.316 atzerritarrak ziren (guztizkoaren % 11). Horrek erakusten du, beste herrialde batzuetatik etorritako biztanleriaren etorrera handitu den arren (2000. urtean %3), biztanleria orokorraren beherakada ez dela konpentsatzen. Getxoren tamainako hiri baten harrerak hiri handien aldean aukera eta erronka desberdinak izaten ditu; horregatik, Plana honako hiru arlo hauetan egituratzen da: Juridiko-politikoa eta indartze instituzionala, Sozioekonomikoa eta Soziokulturala. Arlo horietako bakoitzak helburu espezifikoak ditu, eta helburu horiek, era berean, ekintza estrategikoak (46 guztira).
-
Arlo Juridiko-politikoa eta indartze instituzionalaren helburuak zerbitzuetarako sarbidea hobetzea, eskubideetarako sarbidea erraztea, tokiko aniztasunaren gobernantza indartzea eta harrerarako komunikazio-bideak indartzea dira. Arlo honetako 18 ekintzen artean daude webguneko informazioa eguneratzea, Getxoko Migrazioen Harrera eta Arretarako Bulegoak emandako zerbitzua errealitatera egokitzea, bereziki zerbitzu espezializatua, eta kultura arteko gaitasunetan trebatzea sustatzea tokiko administrazioak herritarrei ematen dien arreta hobetzeko.
-
Arlo sozioekonomikoaren helburuak honako hauek dira: laneratzea eta lanerako prestakuntza erraztea, etxebizitza duina lortzea, osasun-sarean eta hezkuntza-sisteman sartzea, eta gizarte-arretan aniztasunarekiko egokitzapena indartzea. 14 ekintza biltzen ditu, hala nola, osasun mentalaren autozaintza-esperientziak partekatzeko sareak eta espazioak sortzea bultzatzea; proiektu pilotu bat egitea hezkuntza-espazio formal edo ez-formal parte-hartzailean familia etorkinekin, haur eta nerabeekin erronkak eta lan-ildo posibleak identifikatzeko, eta eten digitala murrizteko tailerrak egitea.
-
Eta, azkenik, arlo soziokulturalaren helburuak dira elkarrekin parte hartzeko espazioak indartzea, ondasun soziokulturaletarako sarbidea bermatzea eta hizkuntzak gizarte-kohesiorako tresna gisa ikastea. Ekintzen artean, migrazioei, aterpeari eta arrazismoaren aurkako lanari buruzko udal mahai iraunkor bat eratzea aurreikusten da, parte-hartze organo formal eta sistematizatu gisa, eta etorkinen eta errefuxiatuen artean euskararen erabilera sustatzeko koordinazio intersekzionala.
Aurrekariak
Getxoko Udala 2004az geroztik aniztasuna kudeatzeko eta harrera egiteko tokiko politika bat finkatzeko aurrera pausuak ematen ari da, eta, besteak beste, hurrengoetan ikusten da hori:
-
2006-2009ko Immigrazio, Bizikidetza eta Gizarte Garapenerako Planaren proposamena.
-
2008-2011 Legegintzaldiko Plana, migrazioak eta kulturartekotasuna zeharkako gisa txertatzen dituena hainbat helburu estrategikotan.
-
2011n, Udala RECI, Kulturarteko Hirien Sarean sartu zen.
-
2012-2015 Legegintzaldiko Planaren estrategietako bat da Getxoko herritarren integraziorako, kulturarteko bizikidetzarako, kohesiorako eta gizarte-garapenerako baldintzak erraztea.
-
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III eta IV. Planek emakume etorkinak hartzearen eta Jabekuntza Eskola zabaltzearen alde egiten dute.
-
2016-2019 Legegintzaldiko Planak ildo beretik jarraitzen du.
-
ESEP, Euskararen Erabilera Planak (2018-2022) kulturartekotasunaren ardatz estrategiko bat eta iritsitako pertsonen artean euskara sustatzeko neurriak barneratu zituen.
Gainera, nazioarteko, estatuko eta autonomia-erkidegoko legeriarekin, gomendioekin eta planekin lerrokatu da Plana, eta arreta berezia jarri zaio Eusko Jaurlaritzaren Herritartasun, Immigrazio eta Asilorako 2022-2025 Kulturarteko VI. Planari. Esparru horren ondorioz, 2020ko urrian harrera-diagnostikoa hasi zen egiten, 2021eko ekainean aurkeztu zen, Getxoko Migrazioen Harrera eta Arretarako Bulegoa 2021eko uztailean jarri zen abian, eta Plana gaur, martxoaren 20an, aurkeztu da. Proposatutako ekintzak garatzen jarraituko du Udalak (2023-2026).
Inmigrazioa eta interkulturalitatea
Urgull kalea (Bigarren soilarua)
48991 Algorta
Telefonoa: 94 466 01 51
Posta elektronikoa: interculturalidad@getxo.eus