2026/2/16

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Portu Zaharreko eta Arrigunagako ponpaketa-instalazioak hobetzeko lanak hasi zituen iragan ostegunean, hilak 12,, baita Kakalekuko galeria berritzeko lanak ere. Azpiegitura horiek inguruko auzoetako isurketak jasotzen dituzte eta Gobelako kolektoreko Bolue-Fadura tartera eramaten dituzte. Tarte horretako emariak Galindoko estazioan amaitzen dira (Sestao), Lamiakoko ponpaketatik bultzatu ondoren. Lanen helburua da euri aldietan gainezka egiteak udalerrian ingurumenean, osasunean eta gizartean duen eragina murriztea eta sistemaren funtzionamendu orokorra hobetzea, ingurunea eta Ereaga eta Arrigunagako hondartzak babesten lagunduz.
Obren hasiera dela eta, Portu Zaharreko ponpaketaren gainean dagoen aparkalekua aldi baterako itxi da (sarbidean ere aho bat irekiko da, hodi guztiak Kakalekuko galeriaren barruan sartzeko), eta horrek eremu horretan dauden plazak okupatzea ekarri du, lanak egiten diren bitartean, 18 hilabetean. Espazio horretan, obrak garatzeko beharrezkoa den lan-esparru bat prestatu da. Gainera, itxitura bat jarriko da Portu Zaharreko begiratokira igotzeko eskaileren ondoan, lurpeko galeriara materialak sartzea errazteko.
Oinezkoen joan-etorriak seinaleztatutako ibilbide alternatiboak izango ditu, eta begiratokira igotzen diren eskaileren erabilera ez da etengo. Ibilgailuen zirkulazioak ez du eraginik izango, aparkalekuak okupatuko diren eremuan izan ezik.
Datozen hilabeteetan, Arrigunagako ponpaketaren inguruan ere jardungo da, eta eragina batez ere oinezkoentzat izango da, obra-esparrura sartzeko puntuan, eta behar besteko aurrerapenaz jakinaraziko da. Okupazioa 6 hilabetekoa izango da, gutxi gorabehera.
Era berean, Kakalekuko galeriatik igarotzen diren eroanbideak berritzeko, beharrezkoa izango da aldi baterako sarbide bat jartzea Villaondoeta eta Iturgitxi kaleen elkargunean, espaloiaren zati bat okupatuz eta oinezkoentzako ibilbide alternatiboak ezarriz, ibilgailuen trafikoari eragin gabe.
Obrak amaitu ondoren, eragindako espazio guztiak egungo egoerara itzuliko dira, azalerako okupazio iraunkorrik gabe.