2026/11/26

Getxoko Udala udalerrian eserleku iskiatikoak jartzen hasi da, gaur goizean, azaroko ohiko osoko bilkuran aditzera eman dutenez, onetsi den PPren mozio bati ekitean. Mozioak proposatu du udal-eraikin guztietan irisgarritasun unibertsala bermatzeko, merkataritza-lokaletan irisgarritasun-obretarako laguntzak gaitzeko eta, hain zuzen ere, pasealeku eta parkeetan eserleku iskiatikoak jartzeko, besteak beste. 125 unitate jarriko dituzte udalerriko hainbat puntutan, zutik jartzeko (esertzera iritsi gabe).
Mozio horrez gain, beste hiru onetsi dituzte testigantza-izaerarekin. EH-Bilduren bat, Getxo bizitegi-merkatuko eremu tentsionatu izendatzeko, baldin eta horretarako irizpideren bat betetzen badu, eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eta Etxebizitzaren Euskal Behatokiak eguneratutako Getxori buruzko datuak jasotzen badituzte. Udal-talde honen beste bat ere onartu da, besteak beste, hurrengoak lortzeko: Udalak udalerriko energia-komunitateak lehentasunezko jarduera ildo gisa sustatzea bere gain hartzeko eta bere titulartasuneko eraikin eta espazio publikoen azterketa egiteko, eguzki-energia fotovoltaikoa sortze eta autokontsumo kolektiboko proiektuak garatzeko duten potentziala identifikatze aldera, eta udal-eraikinak eta espazio publikoak energia-komunitateen eskura jartzeko prozedura eta baldintzak ezartzeko.
Halaber, oniritzia eman zaio Elkarrekin Podemosek proposatu eta PSE-EEk bideratu duen mozio bati, Energia Jarduketaren Plana eta Klima eta Energiaren Tokiko Plana lehentasunezko izaerarekin egiteko, onesteko eta argitaratzeko; energia berriztagarria sortzeko eta energia biltegiratzeko instalazioak har ditzaketen udal-titulartasuneko eraikin, estalki eta gainerako espazioen kokapenen inbentarioa egiteko; eta udalerrian energia-komunitateak sortzeko eta sendotzea sustatzeko, herritarren, jabeen erkidegoen, merkataritzaren, enpresen eta hezkuntza-sarearen eta udal-administrazioaren parte-hartzea sustatuz.
Beste gai batzuk
Bestalde, gaur, ostegunean, bi kreditu onetsi direla jakinarazi da: bata, 3.392.710 eurokoa, Romoko belaunaldiarteko zentroaren eraikinerako eta urbanizazio-prozesutik eratorritako beste jarduketa batzuetarako, eta, bestea, 225.566 eurokoa, gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonentzako eguneko arretako eta gaueko harrerako zerbitzurako. Halaber, aste honetan onetsitako Adierazpen Instituzionalaren berri eman da, atzo, asteazkenean, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izan zela-eta.
Jendearen eskaeren eta galderen txandan, esku-hartzeak gai partikularrei eta Areetako kaian inausketari buruzkoak izan dira.