2026/11/18
Arantza Martinez Erostarbe getxotarrak jasoko du aurten Argia Ereiten Euskara Saria, lan ibilbidean (irakaskuntzan) eta bere eguneroko bizitzan ere etengabe euskara sustatzeagatik, Euskara bultzatzea aitortzen duen XVII. edizioaren sari emate-ekitaldia Muxikebarrin izango da abenduaren 2an, 19:00etatik aurrera.
Martinez Erostarbek poza handiz hartu du Euskara sariaren berri, eskertuta eta hunkituta, bere hitzetan, “ohore bat da niretzat, ez nuen espero, sorpresa izugarria izan da, oso harro nago eta nigan sinistu dutenei eskerrak ematen dizkiet”.
Trinitarias ikastetxean izan ondoren, auzokide honek Magisteritza, eta aldi berean, euskara ikastea erabaki zuen, gurasoek euskararekiko eta euskal kulturarekiko maitasuna edukitzea erakutsi ziotelako beti. Trinitarias ikastetxean hartu zuten irakasle eta bertan 40 urte eman zituen, erretiroa hartu arte.
Berak azaldu bezala, hasieran A eredua zegoen, eta talde baten lan handiari esker B eredua ezartzea lortu zuten. Oztopoz betetako ibilbidea izan zen, “irakasleen jarrerak, pentsamenduak eta txipa aldatzeko; materialak, jolasak, liburuak… sortzeko eta gurasoen inplikazioa eskatzeko lan egin behar izan genuelako…poliki poliki eta ilusio handiz”. Arantzarentzat gaur egun poza handienetariko bat da ikasle ohi batzuk hurbiltzea euskaraz egiten, “harro sentitzen naizelako, oso hunkituta”.
Bestalde, lan-eremutik kanpo, bizilagun hau oso eragile aktibo da udalerriko kultur bizitza eta euskararen aldeko ekitaldiak sustatzen. Berak uste du herrian euskarazko kultur eskaintza gaztelaniazkoa baino eskasagoa dela eta gainera horietan askotan jende gutxi elkartzen dela. Hori penagarria iruditzen zaio Getxon euskara dakiten pertsonen kopurua altua izanda, erabilera baxua delako.
Arantzaren zaletasunen artean pandero eta txalaparta jotzea dago eta horiek kalean eta kultur jarduerak daudenean praktikatzea ere gustuko du, euskal giroa bultzatzen. Horregatik, ahal duen guztietan, esate baterako irteeratan, edo Agate Deuna eta San Juan gauko jardueretan parte hartzen du, beti lehen hitza euskaraz egiten. Berak aitortu bezala, askotan sorpresa politak hartzen ditu pentsatzen ez zituen pertsonek euskara dakitela ikustean. “Uste dut oso garrantzitsua dela beti saiatzea, lehen hitza euskaraz egiten, dakizkigun esamoldeak aipatzea, ohitura sortzea, egunero keinuak egitea, pozik, poliki eta gelditu gabe”, amaitu du aurtengo Euskara saridunak.