2026/11/9
azaroaren 9an Hitza Bizi jarduerak hasiera emango dio Gurarin, azaroaren 25ean Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta Getxoko Udalak urtero antolatzen dituen jardueren egitarauari. Aipatutako jardueran, azaroaren 25aren inguruko esanahiak eta/edo aldarrikapenak aztertuko dituzte hitz desberdin batzuen bidez.
Leku berean, hilaren 10etik 17ra, Violencias Invisibles izeneko argazki erakusketa bisitatu ahal izango da. Bizkaiko Gobernuaren Ordezkaritzako Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Unitatearekin elkarlanean antolatuta, 16 panel ikusi ahal izango dira, irudietan eta egileen testuetan oinarrituta, emakumeei eragiten dieten eta askotan ikusezin eta normalizatuta egoten diren indarkeria-motak jorratzeko.
Hilaren 10ean eta 24an, 11:30ean, sorkuntza artistikorako talde-espazio bat osatuko da Gurarin, indarkeria matxisten inguruko talde-espazio parte-hartzailea, hausnarketarako, topaketarako eta sorkuntza artistikorako gunea, indarekeriek gorputzetan, emozioetan eta bizi-esperientzietan duten eragina ikuspegi feministatik partekatzeko.
13 eta 18 urte bitarteko emakumeek hausnarketa prozesu batean parte hartu ahal izango dute, Algortako eta Romoko Gaztelekuen laguntzarekin eta Aktiba zaitez! lelopean. Hitzordua azaroaren 17an izango da, 16:00etatik 18:00etara.
Hurrengo egunean, azaroak 18, 18:00etan, Fabricando Mujeres 2.0 dokumentala proiektatuko da. Ondoren solasaldi bat izango da Magdalena Lopez Gorritxo SETEM Hego Haizea entitateko kidearen eskutik.
Azaroaren 26an, 17:00etan, Mujeres y psicofármacos: la medicalización de los malestares de las mujeres izenburupeko hitzaldi-eztabaida izango da. Hizlaria Elisabete Arostegi Santamaría Deustuko Unibertsitateko ikertzailea izango da.
Abenduaren 3an, 17:00etatik aurrera, Lolaren bizikleta film laburra proiektatuko da eta ondoren egileen solasaldia izango da . Hurrengo egunean, 09:30ean hasita, hezkuntza-, gizarte- eta komunitate-arloko profesionalentzako prestakuntza-saio bat egingo da. Gaia haurtzaroko sexu-indarkerien komunikazioa eta prebentzioa izango da, La bici de Lola album ilustratuaren bidez.
Bestalde, Udal liburutegien Zerbitzuarekin lankidetzan, indarkeria matxistei buruzko irakurketa-proposamenak biltzen dituen gida bat (digitala eta paperezkoa) egingo da.
Eta, aurreko urteetan bezala, baliabideei eta laguntza-gidei buruzko informazio-liburuxkak egongo dira, hainbat materialekin batera, hala nola txartel-gidariekin, txapekin eta eskumuturrekoekin, udal-espazio batzuetan. Gainera, udalerriko puntu moreak berriro margotuko dituzte, pankartak jarriko dira eraikin enblematikoetan eta morez argiztatuko dira Areetako kaiko pasealekua eta udalerriko igogailu publikoak.