2026/10/26

Iparra Galdu Gabe Jardunaldiak azaroaren 6tik 26ra izango dira udalerrian, aurrekoetan bezala, Udalak, Euskal Kultur Erakundearekin eta udalerriko hainbat elkarterekin (Bentaranoa, ALBE, Egizu, Azebarri, Hiruka…) elkarlanean antolatuta. Bi urtean behin ospatzen den egitaraua duela 25 urte jarri zen martxan, Iparraldeko kultura Getxora hurbiltzeko, adin guztietako publikoarentzat prestatutako jardueren bitartez, horien artean lehen edizioan ere parte hartu zuen Niko Etxart musikariaren kontzertu-omenaldia.
Programari azaroaren 6an Iparraldea Kantuz izeneko doako saio praktikoek (hilaren 13an, 20an eta 27an ere, 18:00etatik aurrera) emango diote hasiera Bentan. Itsaso Arrieta Euskal Herriko ahozko ondarearen transmisioan aditua eta euskal kanten irakasleak gidatuta, partaideek Iparraldeko hainbat kanta ezagutu eta abestuko dituzte. Izenematea: bentaranoaelkartea@gmail.com . Bestalde, hilaren 6an ere Bertso Musikatuak izango dira Azebarri Kultur Elkartearen egoitzan, 19:00etan hasita. Bertsolariak Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena eta Unai Mendiburu izango dira; musikariak Araitz Bizkai eta Oihana Landa eta gai jartzailea Kerman Diaz.
Euskara ikasten ari direnentzako Irakurle Klubean Egoitz Zelaia idazlearen Eta galtzen bagara zer? liburuari buruzko literatura-solasaldia izango da azaroaren 9an, 19:30ean, Villamonteko Kultur Etxean. Solasaldia Idoia Carramiñana idazleak gidatuko du.
Azaroaren 13an, 19:30ean, Asisko Urmeneta ilustratzaileak zuzendutako Sorgina Banaiz! dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia izango dira Azebarriren egoitzan.
Gurashow familiarentzako doako musikaldia helduko da azaroaren 15ean, 12:00etan, TikiToki egoitzara. Izenematea: sendigetxo@gmail.com
Hilaren 20an, Promesarik Txikiena izenburuko helduentzako antzerkia ikusi ahal izango da Muxikebarrin, 20:00etatik aurrera, Infinitu drama konpainiaren eskutik. Sarreraren prezioa 15 eurokoa izango da.
Hurrengo egunean, Niko Etxarten kontzertu omenaldia izango da, 50 urtetik gorako bere ibilbideari errekonozimendua egiteko. Berarekin batera, eszenatokian Hapa-Hapa eta Xabi Leon, Anje Duhalde, Süne Xabaltx, Pello Artabe, Anne Bidalun, Irantzu Garamendi, Ainhoa Aranburu eta Robert Larrandaburu&Dominika Eiheraberri ere izango dira. Hitzordua 20:00etan izango da Muxikebarrin eta dagoeneko sarrerak agortuta daude. ETBek grabatuko du emanaldia eta aurrerantzean eskainiko du.
Saio horretan Getxoko ikasleek Niko Etxartentzat prestatutako omenaldia ikusi ahal izango da, hau da, udalerriko 11 ikastetxetako euskal kanta- eta bertsolaritza-klasetako 450 ikasleren Eperra eta Euskal Herri rock&roll abestien bideo grabazioa. Bideoa www.getxo.eus/euskara udal webgunean ere ikusgai egongo da.
Elirale konpainiak Mamuka familiarentzako dantza-ikuskizuna eskainiko du azaroaren 22an, Muxikebarrin. Amaitzeko, lau egun geroago, hilak 26, beste literatura-solasaldi bat izango da Villamonteko Kultur Etxean, Jakes Sarrailleten Bardeetako otsoak nobelaz.