2026/10/9

Getxoko Udalak berriro lizitatuko du datorren astean Getxobus hiri-autobusaren zerbitzua, hasierako lizitaziora aurkeztutako bi enpresek ez baitituzte bete pleguetan ezarritako baldintzak.
Lizitazio berrian baldintza tekniko eta ekonomiko berberak mantenduko dira, baita aurreikusitako aurrekontua ere. Aldaketa bakarra proba pilotuaren iraupenari dagokio: 12 hilabetetik 8 hilabetera murriztuko da. Aldaketa horrekin, lizitaziora enpresa gehiago aurkeztea erraztu nahi da.
Aurreikusitako epeak mantenduko dira
Lizitazio berri hau izapidetzeak ez du aldaketarik ekarriko zerbitzua martxan jartzeko aurreikusitako egutegian. Hala, zerbitzua urte amaieran abian jartzea aurreikusten da.
Aldi berean, Udalak Getxobus martxan jartzeko beharrezkoak diren gainerako arau eta administrazio-prozedurak izapidetzen jarraitzen du. Horrela, lizitazio berria izapide horiekin batera garatuko da, hasieran aurreikusitako epeei eragin gabe.
Proba pilotuak iraungo duen zortzi hilabeteetan, zerbitzuaren jarraipena egingo da, erabilerari, eskariari eta herritarren mugikortasun-beharrei buruzko datuak biltzeko. Informazio horrek zerbitzuaren funtzionamendua ebaluatzeko eta etorkizuneko udal hiri-garraioaren ereduaren ezaugarriak zehazteko balioko du.