2026/9/10

• Helburua da jabeek beren etxebizitzak alokairu publikoaren esku jar ditzaten sustatzea
• Hasteko 100.000 euroko partida prestatu da, eta laguntzak jasoko dituztenei 6.000 euro emango zaie
• Eskaerak bihartik, ostirala, irailaren 11tik, azaroaren 30era arte aurkez daitezke
Getxoko Udalak urrats berri bat eman du etxebizitza-politikan, udalerriko etxebizitza hutsak mobilizatzeko diru-laguntzen lerro bat prestatuz. Helburua da etxebizitzak alokairu eskuragarriaren merkatuan sartzea, Bizigune programaren bidez, etxebizitza eskuratzea errazteko eta Getxon alokairu babestuaren eskaintza handitzeko. Horretarako, Udalak 100.000 euroko hasierako aurrekontu-partida prestatu du (50.000 eurotan handitu daiteke).
Gaur egun, Getxon 80 etxebizitza inguru daude Bizigune programan sartuta, eta kopuru hori ez da nahikoa udalerrian dagoen eskaerari erantzuteko: Etxebiden izena emandako 5.524 pertsonak eskatzen dute alokairuko etxebizitza bat.
“Programan sartutako etxebizitzen kopurua handitzeko oztopo nagusietako bat da jabeek Biziguneren bidez jasotzen dituzten errentak, kasu askotan, ez direla oso lehiakorrak merkatu libreko prezioen aurrean. Horrek programaren erakargarritasuna murrizten du eta etxebizitza berriak lortzea zailtzen du. Deialdi honen bidez, Udalak Bizigune programaren baldintza ekonomikoak osatu nahi ditu, etxebizitza bakoitzeko 6.000 euroko zuzeneko laguntzaren bidez”, adierazi du Amaia Agirre alkateak.
Onuradunak
Getxoko etxebizitzen jabe diren eta beren higiezinak Bizigune programan sartzen dituzten pertsona fisikoentzat dira laguntzak. Diru-laguntza 6.000 eurokoa izango da etxebizitza bakoitzeko, eta ordainketa bakarrean ordainduko da.
Diru-laguntza hau jaso ahal izateko, honako baldintza hauek bete behar dira:
• Etxebizitza Getxoko udalerrian egotea.
• Etxebizitza Bizigune programan sartzea 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean.
Eskaera aurkezteko epeak eta tokia
Laguntzak bihartik, ostirala, irailak 11, eta datorren azaroaren 30era arte eska daitezke. Interesdunek izapide hauek egin ahal izango dituzte:
• Bide telematikoa (Internet): Udalaren Administrazio Elektronikoaren Bulegoaren bidez (www.getxo.eus.oae), ziurtagiri digitala edo Bak/BakQ erabiliz, “Ondarea eta Etxebizitza” atalaren barruan.
• Aurrez aurre: Udaleko Etxebizitza eta Ondare Sailean, Los Fueros kalea 6, 1. solairua.
Zalantzarik izanez gero, deitu 94 466 00 44/45 telefonora eta idatzi ondarea@getxo.eus helbide elektronikora.