2026/7/29

Datorren abuztuaren 8an, larunbatean, CPH Open 2026 nazioarteko skate txapelketa ospetsuaren proba bat hartuko du Getxok. Arrigunagako La Kantera skatepark-ak munduko skater onetsien zerrenda bat bilduko du berriro, gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan. Txapelketak, duela 19 urte Kopenhagen sortu zenak, Europako hainbat hiri zeharkatu ditu azken edizioetan, eta oraingoan Bordelen, Biarritzen, Bilbon, Basaurin eta Getxon egingo du geldialdia.
Getxoko hitzordua 14:00etan hasiko da lehiakideen beroketarekin eta 15:00etatik aurrera Pool txapelketa izango da. Ondoren, 17:00etan, Banks eta Half Pipe txapelketa jokatuko da eta, 19:00etan, trikimailu onenen atala. Gainera, aurreikusita dago 21:00etatik aurrera jai-itxiera bat egitea DJen musikarekin Arrigunaga inguruan.
La Kanteran izango direla baieztatu duten parte-hartzaileen zerrendak maila goreneko ikuskizuna ziurtatzen du. Horrela, zaleek Australia, Suedia, Txile, Frantzia eta Japoniako 40 skater baino gehiagorekin gozatu ahal izango dute, besteak beste. Antolatzaileek aurreratutako zerrenda luzetik, emakumezkoetan, Sarah Meurle, Hayley Wilson, Nicole Hause, Georgia Martin, Elisa Steamer eta Bartzelonan bizi den Cata Díaz txiletarra nabarmentzen dira. Gizonezkoen taldeari dagokionez, Noah Mahieu, Dylan Jaeb, Mason Silva, Cyprus Blanco, Shane O 'Neill, Stefan Janoski, Eric Koston eta Brian Anderson, besteak beste. La Kanteran tokiko skaterrak ere izango dira: Sergio Cadena, Marcelo Cáceres eta Izei Villacorta Euskadiko txapelduna.
Interesatuek informazio gehiago jaso dezakete Instagrameko @copenhagenopen kontuaren bidez.
Trafikoari eragindako kalteak
Txapelketa dela eta, abuztuaren 8an bertan, larunbatean, 7:00etatik aurrera, debekatuta egongo da Altube kalean aparkatzea Artagandik Arrigunagako Jaitsiera kaleko bidebanatzeraino, gunea antolakuntzarako gordeta egongo baita.
Era berean, probak egiten diren bitartean, 14:00etatik 23:00etara, aipatutako kaleetan trafikoa eten ahal izango da, jendearen joan-etorriaren arabera. Hala balitz, eraginpeko eremuan dauden garajeetara sartu nahi duten ibilgailuak baino ez lirateke igaroko.