2026/7/20
Getxoko Udalak jai jendetsuenetarako (Algorta, Romo, Portu Zaharra eta Areeta) eta Aixerrotarako Paelletarako segurtasun-dispositibo berezia eman du ezagutzera gaur. Helburua da pertsona guztiek giro alai, seguru eta errespetuzkoan gozatzea. Ekitaldian Amaia Aguirre alkateak, Keltse Eiguren Udaleko Segurtasuneko arloko zinegotziak, Tomás Santin Udaltzaingoko komisarioak eta Eneko Laza Ertzaintzako komisariordeak hartu dute parte.
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasun-operatibo bateratua ezarriko dute eta hurrengo neurriak azpimarra daitezke:
- Erdigunean karpa bat jartzea, jai-eremu bakoitzean identifikatzeko modukoa, laguntza eta informazio puntu azkar eta eraginkorra eskaintzeko.
- Arma zurien kontrolak egitea puntu estrategiko eta ordu desberdinetan, eta berehala jardutea edozein borroka edo liskarren ondorioz.
- Adingabeei alkoholaren salmenta eta kontsumoa kontrolatzea.
- Alkoholemia-kontrolak hainbat ordutan eta udalerriko hainbat kaletan.
- Jai-esparru bakoitzean segurtasun “burbuila” bat ezarriko da, eta horren helburua izango da hiritarrengandik gertu egotea, behar badu edo edozein motatako informazio garrantzitsua helarazi nahi badu.
- Aurreko bi urteotan bezala, bideo-zaintza kamerak instalatuko dira jai esparru guztietan.
- Kalez kaleko salmenta eta dagokien baimenik gabeko elikagaien salmenta kontrolatuko dira.
- Lokalen eta ekitaldien ordutegiak/itxierak kontrolatuko dira.
- “Gune more”ekin harremanetan egongo da, indarkeria matxistaren biktimak hasieratik babesteko eta egileak berehala atxilotzeko.
- Jai bakoitzean behar diren trafiko-mozketak eta desbideratzeak egingo dira, ahalik eta eragozpen gutxien sortzen saiatuz, baina esparru guztiak pertsona guztientzat seguruak izan daitezen helburuarekin.
Era berean, Babes Zibilak ekitaldi guztietako segurtasuna zainduko du, azpiegiturak behar bezala instalatzen direla bermatuz, eta jaietako programetan sartutako jarduera bakoitzari beharrezkoak diren auto babes-baliabideak emanez: osasun-zerbitzuak (anbulantziak, osasun-langileak, etab.), ebakuazio-bideak, larrialdietako ibilgailuetarako sarbideak, suteen aurkako babes-bitartekoak, etab. Auto babeserako Plana ezarriko da paellen kasuan, bai eta gainerako jaietan beharrezkoak diren segurtasun, dokumentazio eta higiene-neurriak ere.
Amaia Aguirre alkateak gogoratu du aurtengoak izango direla alkate gisa bere azken jaiak eta horregatik emozio bereziz biziko dituela eta ondoren adierazi du “jaiak ez dira egitarau bat bakarrik. Elkar ikusteko, berriro elkartzeko eta herri bat garela sentitzeko aukera dira. Horregatik, jaietarako prestatu dugun segurtasun-dispositiboaren helburua da guztiok jai seguru, lasai eta atseginak izatea”.
Era berean, alkateak nabarmendu du segurtasun dispositibo on bat ezinbestekoa dela, baina baita jairik onenak guztion artean eraikitzen direla. “Horregatik, guztion erantzukizunera ere jo nahi dut. Jaiak gogoz bizi ditzagun eta, ororen gainetik, errespetuz. Zaindu dezagun ondoan duguna. Jokatu dezagun gizalegez. Eta ez diezaiogun tokirik egin gure kaleetan eta gure jaietan ikusi nahi ez ditugun jokabideei. Denok libre, seguru eta gustura sentituko garen jaiak nahi ditugu. Erasorik gabeko jaiak. Bizikidetza, errespetua eta berdintasuna oinarri izango dituzten jaiak”.
Bestalde, Herritarren Segurtasuneko zinegotziak gogorarazi du "dispositibo hau ez da inprobisazioaren emaitza, Udaltzaingoa eta Ertzaintza egunez egun Getxo seguruagoa lortzeko egiten ari diren lan koordinatuaren emaitza baizik", eta, aldi berean, horretan inplikatutako pertsona guztien lana eta profesionaltasuna eskertu ditu.
Getxoko Udaltzaingoko komisarioa eta Ertzaintzako komisariordea ere bat etorri dira "udalerrian urte osoan egiten dugun baterako lana" azpimarratzean, eta adierazi dute "helburu nagusia prebentzioa eta jai seguruak bermatzea da. Euskal Polizia jai guztietan, era hurbilean, izango da. Karpa bat instalatuko dugu, segurtasun-burbuila bat eginez, eta gorabeheraren bat hautematen duen pertsona orok jakinarazi ahal izango digu, ahal den neurrian jardun ahal izateko eta gorabeherak saihesteko".