2026/5/20

Udalak herritarrek parte hartzeko prozesu bat irekiko du datozen egunetan, bizilagunen ekarpenak jasotzeko eta etorkizuneko babesleku klimatikoen udal sarearen diseinua osatzeko. Ekimena bost jardunaldi parte-hartzaileren bidez garatuko da, udalerriko hainbat gunetan antolatuko direnak, eta, ondoren, beste bi saio espezifiko egingo dira adinekoen kolektiboari eta kolektibo feministei zuzenduta, ekainerako aurreikusita daudenak (datak eta lekuak oraindik zehaztu gabe daude).
Ekimena Getxoko Klima eta Energia Planaren barruan dago, eta klima aldaketaren inpaktu eta ondorioen aurrean egokitzeko udal ekintzen parte da. Prozesu horren helburua da herritarren ezagutza eta esperientzia txertatzea, udal sare horren parte izan litezkeen espazioen hasierako proposamena identifikatzeko eta aberasteko, kanpoko zein barruko espazioak. Ekarpenei esker, auzo bakoitzeko lekuak detektatu ahal izango dira, gero eta ohikoagoak diren tenperatura altuko gertakarien aurrean beren ezaugarriengatik aterpe eta babesgune izan daitezkeenak, bereziki biztanleria ahulenarentzat (adinekoak eta adingabeak, batez ere).
Zonaldekako partaidetza-saioek proiektua aurkezteko eta haietako bakoitzean hasieran identifikatutako espazioei buruzko ekarpenak jasotzeko balioko dute. Topaketa bakoitzak hasierako aurkezpen labur bat, dinamika parte-hartzaileak eta proiektuaren hurrengo faseei buruzko azalpen bat izango ditu.
Hauek dira aurreikusitako bilerak:
• Algortako beheko aldea (Faduratik Andra Mariko mugaraino): maiatzaren 27an, asteazkena, 19:00etan, Villamonteko Kultur Etxean.
• Andra Mari: maiatzak 28, osteguna, 19:00etan, Andra Mari kiroldegian.
• Romo – Neguri (Aiboaraino): ekainaren 2an, asteartea, 19:00etan, Romo Kultur Etxean.
• Algortako goialdea: ekainaren 3an, asteazkena, 19:00etan, Villamonteko Kultur Etxean.
• Areeta: ekainak 4, osteguna, 19:00etan, Getxo Elkartegian.
Bertaratu ahal izateko izena ematea beharrezkoa ez bada ere, saioa behar bezala antolatze aldera, bertaratu nahi duten pertsonek aldez aurretik ingurugiroa@getxo.eus helbide elektronikora mezu bat idaztea eskertuko genuke.
"Herritarrak eta Getxon dauden sektoreak animatu nahi ditugu saio horietan aktiboki parte hartzera eta auzoei eta beren espazioei buruz duten ezagutza partekatzera. Udalerriko gizarte sarea osatzen duten elkarteei ere helarazi diegu gonbidapen hau, uste baitugu haien ekarpenak eta bizilagunen eguneroko esperientzia funtsezkoak direla babesleku klimatikoen sare erabilgarri, hurbil eta eremu bakoitzaren benetako beharretara egokitua eraikitzeko", adierazi du Carlos Sergio Ingurumen zinegotziak.