2026/4/29
Getxophoto, Nazioarteko Irudi Jaialdiak, bere 20. urteurrena ospatuko du maiatzaren 28tik ekainaren 21era udalerriko espazio publikoko hainbat agertokitan. Maria PTQK ikertzaile eta kultur kudeatzaile bilbotarrak azken aldiz komisariatuko du, eta RESET izango du ildo nagusia, “sistema berrabiaraztera, gure burua birpentsatzera eta energia berrituarekin proiektatzera gonbidatzen gaituen tekla”. Proposamen hau aurreko urteetan PAUSA, PLAY eta REC botoiak sakatu ondoren dator.
Aurten 23 erakusketa programatu dira, gehienak aire zabalean; izan ere, Getxophotoren ezaugarria da espazio publikoaren defentsa erradikala, elkartzeko, elkarrenganako aitortzarako eta esperimentatzeko, jolasteko eta ospatzeko eremu gisa. Jaialdiaren bi leku nagusiak hauek izango dira: Punta Begoña Galeriak, sei erakusketa antolatuko baitira bertan; eta Algortako Merkatua, Sirenoari eskainitako photocall oso berezi bat eta jaialdiaren artxibo digital historikoari buruzko instalazio handi bat hartuko ditu, 20 urte hauetan jaialdian parte hartu duten ia 400 artisten lana biltzen duena, haien biografiekin eta instalazioei buruzko informazioarekin.
Gainera, aurten jarduera programa oso bat diseinatu da, besteak beste, bisita gidatuak, Encerrona 13 elkarrizketa programa, Batzar Nagusi bat (aurreko komisarioekin eta parte hartzen duen publikoarekin topaketa), musika playlist bat, film kanal bat edo baso-azpiko ibilbidea.