2026/2/25
Indarkeria matxista patriarkalei aurre egiteko emakumeen borrokak ikusaraztea izango da Udalak martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta antolatutako formatu desberdinetako jardueren ardatza. "Emakumeen borrokak ez dira iraganeko kontua bakarrik; gure kaleetan, gure auzoetan eta gure etxeetan presente daude. Haiek aitortzea justiziazko ekintza bat da, baina baita erantzukizun kolektibo bat ere. Udaletik berdintasun errealarekiko eta egungo zein etorkizuneko belaunaldientzat bidezkoagoa izango den gizartea eraikitzeko dugun konpromisoa berresten dugu, indarkeriarik gabeko eta berdinzaleagoa den Getxo baterantz aurrera eginez”, nabarmendu du Amaia Aguirre alkateak.
Hilabete osoan zehar, Emakumeak* oroimen biziak haritzen eta erresistentziak ehuntzen sistema eraisteko lelopean, hainbat jarduera izango dira, helburu konpartituekin, “ekimen batzuk proposatzen ditugulako, emakumeek zenbait testuingurutan indarkeria matxista patriarkalei aurre egiteko dituzten borrokak eta erresistentziak agertzeko eta aitortzeko, eta biolentzien justifikazio edo ukazio deslegitimatzen duen tresna gisa, baita gizarte bidezkoago eta berdintasunezkoago baterantz aurrera egiteko ere”, azaldu du Carmen Díaz Kohesio Sozialeko zinegotziak.
Egitaraua Gurarin
Ekitaldien egitaraua astelehenean, martxoak 2, hasiko da, 18:00etan, Gordofobia. Violencia social contra los cuerpos izenburupeko solasaldiarekin. Maitane Garciak indarkeria ikusezinenetako bat jorratuko du, eta hortik dator hitzaldiaren garrantzia, gordofobiaren jatorri sozialak, heteropatriarkatuaren papera eta indarkeria horrek emakumeen bizitzan duen eragina azaltzeaz gain.
Martxoaren 3tik 30era Bilaketa II erakusketa ikusi ahal izango da, Guatemalako emakumeek memoriaren eta justiziaren aldeko borrokan duten errealitateari buruzkoa. Cristina Chiquín Rodríguez argazkilariaren argazki erakusketa izango da, Entreamigos-Lagun Artean GKEaren laguntzarekin antolatuta. Aretoan bideo labur bat ere proiektatuko da eta erakusketa osatzen duten 20 argazkiak eta testigantzak biltzen dituzten bi liburu jarriko dira jendearen eskura. Bisita gidatuak ere izango dira.
Memoriak berreskuratzeko eta gure erreferenteek egindako estrategiak ezagutzeko fanzine tailer baten bi saio martxoaren 11n eta 25ean izango dira, 18:00etatik 20:00etara, denboran eta espazioan emakume hurbilen borrokek eta erresistentziek duten garrantziari buruzko oroimenezko, identifikazioko eta errekonozimenduzko ariketa bat izango da; izan ere, proposamenak genealogia familiarrera eta komunitariora, bizitzari eutsi dioten emakumeengana begiratzera gonbidatuko gaitu.
Hilaren 13an, 18:00etan, A viva voz poesia eta kantu errezitaldia izango da, Haizea Murgia poetaren eta Las poetas vivas klubeko kideen eta Lonbardak abesbatza feministaren partaidetzarekin. Bi prestakuntza-saio ere egingo dituzte otsailaren 27an eta martxoaren 6an.
Hariak, orratzak eta zauriak izango da martxoaren 24an, 18:00etan, Mireia Delgadorekin euskaraz izango den helduentzako ipuin saioaren izenburua.
Jarduerak Gaztelekuetan
Bestalde, 11 eta 17 urte bitarteko gazteentzako jarduerak Romoko eta Algortako Gaztelekuetan ere antolatuko dituzte, feminismoari buruzko ezagutza modu dibertigarrian, genero-estereotipoei buruzko gogoeta, elkarlaneko jokoen bidez talde-lanerako trebetasunak, eta berdintasunari buruzko sormena eta komunikazio irekia sustatzeko.
Romokoan, martxoaren 3tik 8ra, arratsaldez, Eusten duten emakumeen istorioak tailerra egingo da. Bertan mural bat egingo da, eta horretan pertsona bakoitzak berarentzat garrantzitsu den emakume bati buruz marraztu, deskribatu, esaldi tipiko bat jarri, zerbait kontatu edo objektu bat jarri ahal izango du. Bestalde, 6an bingo feminista izango da, 18:00etan, eta 7an, arratsaldean zehar, pankarta feministak egingo dituzte, lelo, irudi eta ikur feministekin.
Algortako Gaztelekuan, martxoaren 3, 5, 6, 7 eta 8ko arratsaldeetan, ahalduntze feministaren eta gizonezkoaren despatriarkalizazioaren inguruko gizarte eta hezkuntza arloko eskuhartze proposamena ezartzeko tailerrak izango dira.
Azkenik, aurreko urteotan bezala, martxoaren 7 eta 8ko gauetan Areetako kaia eta udalerriko igogailuak morez argiztatuko dituzte.