2026/2/19

Udal Gobernuak gaur goizean egindako batzordean jakinarazi du hiru zinegotzi berriak Udalean sartuko direla.
Hauteskunde Batzorde Nagusiak dagoeneko bidali dizkie zinegotzi-izendapenak hiru zinegotziei, eta otsailean egingo den ohiko osoko bilkuran beteko dute kargu publiko guztiaz jabetu aurreko protokolo-izapidea. Izendapenak ofizialki onartuko dira alkatetzaren dekretu bidez, hurrengo udalbatzaren ondoren.
Berrantolaketaren helburua da udal zerbitzuen ohiko funtzionamendua bermatzea eta eguneroko kudeaketan normaltasuna sendotzea, herritarrei zerbitzu publikoak ematean jarraitutasuna eta egonkortasuna ziurtatuz.
Erantzukizunen banaketa berrian:
- Aingeru Torrontegik Ogasuna eta Diruzaintza hartuko ditu bere gain.
- Elisabete Basañez Ekonomia eta Turismo Sustapeneko, Bide Publikoko Ekitaldietako, Punta Begoñako eta Herritarren Arreta Bulegoko buru izango da.
- Carlos Sergiok Ingurumenaren arloa zuzenduko du.
Gobernu-taldearen barne-berrantolaketari dagokionez:
- Gorka Mostajok bere gain hartuko ditu Kultura, Gobernu Irekia eta Parte-Hartzea, eta Euskara.
- Zaloa Campillo Eraldaketa Digitalaz, Komunikazioaz, Kontratazioaz eta Pertsonalaz arduratuko da.
Gainerako udal arloetan ez da aldaketarik izan. Amaia Aguirre alkateak aro berri honi egonkortasunez eta konpromisoz aurre egiten zaiola azpimarratu du: “Azkar eta arduraz jokatu dugu Udal Gobernua berrantolatzeko eta lehen unetik zerbitzu publiko guztien jarraipena bermatzeko. Udalak lantalde sendoa du, erabat operatiboa eta prestatua, udalerriaren erronkei eta herritarren ongizateari erantzuten jarraitzeko”.
Ibilbidea eta esperientzia
Zinegotzi berriek ibilbide profesional sendoa eta esperientzia eskaintzen dute esparru publikoan eta kudeaketan.
Aingeru Torrontegi Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta gaur egun Hiri Antropologian, Migrazioetan eta Esku-hartze Sozialean Masterra egiten ari da. Salmenta eta marketin arloetan MARS nazioarteko konpainian aritu ondoren, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan garatu zuen bere ibilbide profesionala.
Elisabete Basañez Musika Eskola/Getxo Kulturaren mandataria da 1999tik, eta prestakuntza du informatikako idazkaritzan eta toki erakundeen kudeaketan, baita herritarrei arreta emateko eskumenetan ere.
Carlos Sergio Gorputz Hezkuntzako lizentziaduna da Vitoria-Gasteizko Soin Hezkuntzako Euskal Erakundean, eta Irakasletzan diplomatua, Giza Zientzietako espezialitatean, Bilboko “Begoñako Andra Mari” Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Gainera, Ikasketa Aurreratuen Diploma (DEA) du Deustuko Unibertsitateko Aisialdi Institutuan, “Aisia eta giza garapena” programaren barruan, eta Saskibaloiko Goi Mailako Kirol Teknikaria da. Arlo profesionale-an, irakasle aritu da “Begoñako Andra Mari” Irakasleen Unibertsitate Eskolako Adie-razpen – Gorputz Hezkuntza Sailean. Bere ibilbide publikoan, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Saileko aholkulari nagusia izan da (2015-2023), Getxoko Udaleko zinegotzia 2019-2023 agintaldian, eta, gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundiko Kiroleko zuzendari nagusia da.