2025/5/12
Ekainaren 30era arte zabalik egongo da etxebizitza alokatzeko eta gazteen emantzipazioaren aldeko laguntzak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea. Udalak 150.000 euro bideratu ditu laguntza horietara, eta kopuru hori 250.000 eurora arte handitu ahal izango da. Laguntza hauen helburua da Getxoko 18 eta 35 urte bitarteko gazteei emantzipatzeko eta helduen munduan sartzeko prozesuan laguntzea, eta udalerriko eremu guztietan alokairuko etxebizitza bat eskuratzea eta bertan egotea sustatzea.
Ondare eta Etxebizitzako zinegotzi Álvaro Gonzálezek adierazi duen bezala, “hainbat urteko esperientzian zehar, eta udalerriko gazteen emantzipazio-tasa handitzeko helburuarekin, onartutako deialdien oinarrietan aldaketak sartu dira, eta, beraz, esan dezakegu gaur egun laguntza horiek finkatuta daudela”.