2023/2/10
Errealitatea da dagoeneko “Getxo Sormen Hub”, sormen- eta kultura-sektoreari lotutako proiektu eta enpresentzako ekintzailetza-zentro berria, Algortako “Urgull Zentroa”n kokatua. Udaleko Ekonomia Sustapen Sailak sustatuta, helburu du berrikuntza-gune bat sortzea sormen- eta kultura-sektorerako, sektore hori profesionalizatzen laguntzeko.
“Getxo Sormen Hub” martxan jartzea Sustapen Ekonomikoa Arloak 2020an udalerriko sektore estrategikoei buruzko diagnostikoa egin ostean eta sektoreko enpresei entzun ondoren sortu da. Azterketa horren datuek adierazten dutenez, Getxon erregistratutako enpresa eta profesional guztien %11k baino gehiagok industria-sektore horretan egiten dute lan, eta sektore horrek % 5 baino gehiago ematen dio BPGari Euskadi osoan.
Horrela, Getxo Itsas Hubekin 2021eko martxoan egin bezala, orain elkargune berri hau abiarazi da. Amaia Agirre Getxoko alkateak instalazioetara egindako bisitan adierazi duenez, “lan egiteko, lankidetzan aritzeko, proiektuak abian jartzeko eta udalerrian eragin positiboa sortzeko aukera-espazioak eraikitzen joatea da helburua. Kulturaren eta sormenaren esparru horretan, proiektuak jasangarriagoak izatea ahalbidetuko duen sare bat sortu behar dela ikusi dugu, eta, horrela, aurrera egin behar dela sektore fisikoa sendotzeko bidean. Kulturaren eta sormenaren industriak hogei diziplina baino gehiago hartzen ditu bere baitan, hala nola arkitektura eta diseinu ikasketak, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak eta musika, besteak beste”.
“Getxo Sormen Hub” espazio fisikoa baino gehiago ere bada. Ekimenaren inguruan, sektorea profesionalizatzeko ekintzak, aholkularitza, prestakuntzak, programak eta topaketak sortuko dira, sektoreko enpresak sendotzen laguntzeko.