2021/11/18
Amaia Agirre alkate getxotarrak Argia Ereiten Euskara saria eman zion atzo arratsaldean Joserra Onandiari, euskara ikasteko eta euskaraz bizitzeko duen jarrera nekaezina aitortzeko. Ekitaldia Muxikebarrin izan zen eta bertan XII.edizioaren saria Ibon Garagarza artista gazteak egindako eskultura izan zen berriro.
Alkateak Onandia zoriondu ondoren, nabarmendu zuen berak aukera izan zuenean, kontzientzia eta koherentzia-ariketa eginez, lortu zuela euskarak bere bizitzan lekua izatea eta lanean diharduela, eskuzabaltasunez, beste batzuen bizitzan ere lekua egiteko. “Eta hortxe ikusten dut bere beste ezaugarritako bat: euskara praktikatu nahian dabilen edonorentzat euskarri eta babesa izatea. Kontaezinak dira Berbalagun taldeetan izan dituen solaskideak edo Mintzaneten eman dituen orduak. Mintzanet-en, euskara online praktikatzeko egitasmoan, mundu osoan bizi diren euskaldunek parte hartzen dute eta Joserrak, astero, bere ordenagailuko leihoaren bitartez, hizkuntza-irla izanik, zubi-lanetan aritzen da munduko edozein tokitan loturak mantendu nahi dituen edonorekin”. Horregatik, alkateak eskerrak eman zizkion eta “Saria izan dadin Getxoko herriak Joserrari eta bere moduan euskara ikasi eta zabaltzen dabilen jendeari eskaintzen dion esker oneko keinua”, amaitu zuen alkateak.
Joserra Onandiak, bere aldetik, eskerrak eman zizkien, bere familiari, udalari, Egizuri, Bere txokoari, Itxarkanturi, Mintzaneti, Berbalagunari eta abarri, aitorpengatik eta euskara ikasteko lagundu izanagatik. Saioan gainera, Floridatik Pedro Mari Sardui eta Argentinatik Alfredo Laborde konekatu ziren eta zuzenean egin zuten Mintzneteko asteroko saiotxoa. Une hunkigarri horretan, biek zoriondu zuten Onandia eta merezimendu osoz emandako saria dela esateko aprobetxatu zuten.