Talentua lotzen, belaunaldien arteko elkarrizketak

"Talentua lotzen" proiektuaren helburua da herritarrei, ekintzaileei eta enpresei belaunaldien arteko hamar elkarrizketa hurbiltzea, ekintzailetza ardatz hartuta. Proiektu hau garatzeko, Gizarte Kohesioa Arloaren laguntza izan dugu. Ekimena Begoña Beristain kazetariak zuzendu eta aurkeztu du, elkarlanean "Wanted" programaren irabazlearekin, "Zerikusi" enpresarekin eta   Miren Lauzirika Jauregi Art for Life enpresarekin.

Proiektua 10 podcast-ek osatzen dute, euskaraz eta gaztelaniaz; bertan, sektore profesional jakin bateko senior batek eta junior batek belaunaldien arteko elkarrizketa garatzen dute beren lanari buruz. Horietako lau bideo formatuan ere eskura daitezke.

  • PODCAST 1: EKINTZAILETZA. Jon Mancisidor eta Gloria Mora
  • PODCAST eta BIDEOPODCAST 2: SURFA. Javier Amezaga eta Garazi Sanchez
  • PODCAST eta BIDEOPODCAST 3: NAUTIKA: Jaime Oliver eta Iñigo Fuertes
  • PODCAST 4: TEKNOLOGIA. Mikel Agirregabiria eta Endika Ena
  • PODCASTA 5: DISEINUA. Javier Cuñado eta Marilu Rodriguez (LAVITA)
  • PODCAST eta BIDEOPODCAST 6. MERKATARITZA: Zaloa Rozas Landa eta Mari Feli Bilbao Fano
  • PODCAST eta BIDEOPODCAST 7. MUSIKA. Asier Mondragón eta Irantzu Garamendi
  • PODCAST 8. ARKITEKTURA. Zuriñe Unzueta eta Agurtzane Elguren
  • PODCAST 9. IKUS-ENTZUNEZKOAK. Asier Hormaza eta Itxaso Frau
  • PODCAST 10: BELAUNALDIEN ARTEKO MAKING OF. Zerikusi enpresa eta Begoña Beristain.

Atal bakoitzak hogei minutuko iraupena du eta honako audio plataforma hauetan daude eskuragarri: Spotify, Ivoox eta google podcast eta Getxoko Udalaren youtube kanalean.

Jarraian, atal guztietarako zuzeneko estekak dituzu. Ireki fitxa eta ez galdu!

Jon Mancisidor eta Gloria Mora

Lehenengo atal honen bitartez "Talentua konektatzen" irekitzen da, belaunaldien arteko elkarrizketen podcast-a. Bertan, Getxoko Udaletik senior eta junior talentua lotzen ditugu, hau da, beren ibilbide profesionalean beren lan-bizitza bideratzeko ekintzailetza aukeratu duten bi pertsona batzen ditugu. Horietako batek duela zenbait urte egin zuen eta bermea ematen dion esperientzia,  eskuzabaltasunez, beste baten zerbitzura jarriko du, hain zuen ere duela denbora gutxi bere ametsari bizia emateko erabakia hartu duen beste baten eskura.

Esperientzia eta ikaskuntza, ezagutza eta autoenpleguari heltzeko modu berriak. Jon Mancisidor ezagutuko dugu elkarrizketa honen, talentu-konexio honen alderdi senior gisa. Jon ekonomialaria da, BBK eta Kutxabank-eko zuzendari ohia. Besteak beste, gazteen ekintzailetzarako fundazio bat eta gizarte-ekintzailetzarako beste bat zuzendu ditu. Gaur egun, EDE fundazioaren presidentea da.

Talentu gazte gisa Gloria Mora Gómez dugu. Berak okindegi bat jarri du martxan, Amasarte. Ez dirudi oso berritzailea okindegiaren kontu hori, baina hala dela ikusten dugu jakitean Gloria tematu dela jan dezagun ogi ona, izozkailuetatik eta prozesatu azkarretatik urrun dagoen ogia, mimoz, denboraz eta, batez ere, grina handiz egindako ogia.

Honako plataforma hauetan eskura daiteke:

Javier Amézaga eta Garazi Sánchez

Talentua konektatzen programako atal berria, non Getxoko Udalak sustatutako belaunaldiarteko elkarrizketak eskaintzen baitira belaunaldi desberdinetako talentua konektatze aldera. Surfaren munduan murgilduko gara gaur, gure udalerriak lotura berezia baitu kirol horrekin. Itsasora, hondartzara, hareara eta olatuei begira dagoen herria gara. Munduko txapelketa garrantzitsuenetako bat egiten da gurean, Olatu Handiena, eta ondoko herrietako asko kirol zoragarri horretan aritzen dira.

Hortaz, podcast-bilduma honetan ezinbestekoa zen gaia lantzea eta surfa euren bizimodu eta ogibide bihurtu duten bi pertsonen ikuspuntutik begiratzea itsasora. Surfean ibiltzea kirola baino askoz gehiago da, bizimodua da.

Javier Amézaga eta Garazi Sánchez etorri dira gaur gurera, biak ala biak oso ospetsuak surfaren munduan.

Lehenik eta behin gure gaurko seniorra aurkeztuko dizuegu, Javier Amézaga. Tres60 aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen; 1987an sortu zen eta surfari buruzko gaztelaniazko lehenengo aldizkaria izan zen. Surfak gure hondartzetan izan duen bilakaeraren lekuko izan dira orrialde horiek; hala, 1980ko hamarkadan gure inguruan ozta-ozta ikusten zen kirol baten industria nahiz garapena sustatu dituzte. Aldizkaria liburu bihurtu zen eta La historia del surf a través de Tres60 lana sinatu zuen Javierrek, non surfak munduan izan duen garrantzia islatu baita. Munduko erreferente da Tres60, eta antolatzeko duen izugarrizko gaitasunari esker WSL Olatu Handien Munduko Zirkuituko probetako bat bihurtu da Punta Galea Challenge.

Junior aldeari dagokionez, Garazi Sánchez dugu gurekin eta berari familiatik datorkio kirola eta itsasoarekiko maitasuna. Aita kayak surfean aritzen zen Laga hondartzan eta, bitartean, bera eta ahizpa luzaroan egoten ziren buggyan. Zazpi urterekin hasi zen surfean, aspaldiko surflari baten taularekin —Hang Ten ospetsuaren taularekin, alegia—, zeina oraindik gordetzen baitu. Pixkanaka-pixkanaka zaletasuna ogibide bihurtzen joan zen eta gaur egun mundu osoko itsasoetatik dabil taula gainean. Palmares aparta dauka jada: Espainiako bi txapelketa irabazi ditu eta Europako txapeldunorde da; horiez gain beste hainbat garaipen ditu, baina denbora luze beharko genuke guztiak aipatzeko. 2019an bizkarrezurreko lesio larri bat jasan zuen eta izugarrizko ahalegina egin behar izan zuen berriz ere ekiteko eta nazioarteko zirkuituko txapelketara itzultzeko. Halaber, dibulgatzaile ekologiko izugarria da Garazi: zinema dokumentalean hasi zen Vergüenza izeneko lan txalotuarekin, eta horren ondoren Quitando la Vergüenza izenekoa kaleratu zuen. 

Honako plataforma hauetan eskura daiteke:

Jaime Oliver eta Iñigo Fuertes

Talentua konektatzen programako atal berria, Getxoko Udalak sustatutako belaunaldiarteko elkarrizketa, non euren bizitza nautika-sektorean oinarritu duten bi pertsonaren talentua konektatuko baitugu. Urrutira joango gara solasaldi honetan, gure protagonistek diseinatzen dituzten itsasontziek eraman ahal gaituzten bezain urrun. Imajina dezagun itsasontzi zoragarri batera sartzen garela eta han, brankan jesarrita gaudela, itsas zabalerantz goazela ontzi-arkitektura zoragarrian aritzen direnen historia entzuten dugun bitartean.

Elkarrizketa hauetan pertsona senior bat eta junior bat jartzen ditugu harremanetan, zeinek gai bera izaten baitute hizpide: itsasontziak eta itsasoa.

Seniorrari dagokionez, eremu horretan itzal handikoa den Jaime Oliver dugu gurekin. Oliver Designeko sortzailea eta CEOa da, ontzi-diseinuan eta -arkitekturan espezializatutako enpresa, 50 urte baino gehiago daramatzana mota guztietako itsasontziak diseinatzen, betiere estandar gorenak bermatuz. 1990ean, zerbitzuak zabaldu zituen eta barrualdeak gaitzeko lanak eskaintzen hasi zen, “giltza eskura” modalitatean. Oinarritzat hartu duen filosofiak barne hartzen du proiektu guztien hiru alderdi optimizatzea: diseinu berritzailea izatea, kalitatea bermatzea egikaritzean eta epeak betetzea. Harrigarriak dira datuak: laurehun proiektu baino gehiago, hogei sari baino gehiago, hamabost ontziola laguntzaile, eta 200.000 metro karratu baino gehiago eginda. Hala ere, esperientzia profesionala datuez haratago doa. Ontzigintza-ingeniari honi buruz hitz egiteko ilusioaz eta sormenaz aritu behar gara. Arrakastez jositako ibilbide profesionala ere aipatu behar dugu, non porrotaren bat ere egon baita, jakina. Bere bizi guztia jaso du berak egindako liburu batean, Volar sin miedo izenekoan.

Junior gisa 23 urteko gazte bat dugu, Iñigo Fuertes Ballesteros, Ypar-Yachts enpresako sortzailea eta CEOa; ontzi-diseinuko eta -arkitekturako enpresa da eta bizi-estilo, gustu eta baldintza bakoitzera egokitzen den itsasontzia eskaintzea du helburu. Orrialde zuri bat abiapuntutzat hartuta hasten du lana, eta diseinuari nahiz eraikuntzari lotutako alderdi guztiak garatzen joaten da. Iñigok egindako lanaren xedea hauxe da: itsasontziaren jabetzak ahalik eta estresik gutxien eragitea armadoreari. Iñigok ibilbide luzea du egiteke, eta gaur beterano batekin partekatuko ditu kezkak eta lan egiteko modua.

Honako plataforma hauetan eskura daiteke:

   

Mikel Agirregabiria eta Endika Ena

Talentua konektatzen programako atal berria, Getxoko Udalak sustatutako belaunaldiarteko elkarrizketak biltzen dituen podcasta. Solasaldi hauetan pertsona senior bat eta junior bat jartzen ditugu harremanetan, haien esperientziak partekatu ditzaten.

Oraingoan teknologiaren bi zale amorratu elkartuko ditugu. Urteak daramatzate teknologiaren alorrean lanean, eta Getxo udalerriak esparru horretan izan duen bilakaeran hartu dute parte. Besteak beste, honako gertakariak dira aipatzekoak: administraziora heldu ziren lehenengo ordenagailuak, zibersegurtasun-enpresak sortzea, topaketak antolatzea —Getxo Blog, esaterako— eta KZguneak egitea, zeinen helburua baita teknologia eta Internet uztartzen dituen mundura hurbiltzea herritarrak.

Teknologiaren alorrean gure udalerriko bi erreferente aipatu behar izatekotan, zalantza barik gaur gurekin ditugunak aukeratuko genituzke.

Senior gisa Mikel Agirregabiria Agirre daukagu gaur gurean. Jakin-min izugarria du Mikelek eta, hala, Informatikan, Industria Ingeniaritzan, Matematikan eta Zientzia Esperimentaletan aditua da. Hezkuntza izan da bere pasiorik handiena eta teknologia eta hezkuntzako buru izan zen euskal administrazioan. Halaber, zientzia, teknologia eta informatikako aholkulari gisa aritu da administrazio horretan. Bere curriculum osoa azaltzea kontakizun amaigabea izango litzateke, baina zalantzarik gabe nabarmentzekoa da martxan jarri zuela Getxo Blog, blogarien eta Internet nahiz sare sozialen zaleen urteko topaketa. Horrez gain, AUVE – Ibilgailu Elektrikoen Erabiltzaileen Elkarteko presidentea da Mikel, eta geroz eta gehiago dabil arreta jartzen silver economy alorrean.

Junior gisa, Endika Ena daukagu. Elkarrizketa honetan junior gisa badago ere, izugarrizko ibilbidea egin du jada teknologiaren alorrean. Informatikari eta teknologiari lotutako askotariko arazoei konponbideak ematen eta taldean lan egiten urte ugari eman ondoren, bakarkako bideari ekitea eta bere enpresa propioa sortzea erabaki zuen Endikak, Aurki Soluciones y Ciberseguridad izenekoa. Horren bidez, laguntza eskaintzen du gaur egun daukagun mundu teknologiko eta globalean sortu diren beharrizan digital guztiak kudeatzeko, hiru ardatz oinarri hartuta: ezezaguna den datu-babesa; fakturatzeko modu berria eta 2024tik aurrera Bizkaian derrigorrezkoa izango dena, Ticket Bai; eta azken urteotako batailan egon den zaldi handienetako bat, zibersegurtasuna.  Bere esperientzia ezagutu nahi dugu eta Mikelekin partekatu. Beraz, gure bizitzetan jada finkatuta dagoen baina oraindik kezka ugari sortzen dituen gaiari helduko diogu hurrengo minutuetan.

Honako plataforma hauetan eskura daiteke:

Javier Cuñado eta Marilu Rodriguez Vita (Lavita) 

Diseinua denean dago, edozein tokitara begiratzen dugula ere. Ezer ez da hutsetik sortzen aurretiaz pentsatu ez bada, eta aurretiko pentsamendu hori ezinbestekoa izango da behin betiko konponbidea lortzeko, zerbait erabilgarria eta erakargarria izan dadin. Arlo guztietan aplikatzen da diseinua: industrian, ingeniaritzan, arkitekturan, komunikazioan, marketinean eta, oro har, sormena behar duen diziplina orotan.

Diseinatzaile garrantzitsuen sorleku da Getxo, besteak beste honako arlo hauek jorratzen dituztenena: diseinu grafikoa, barrualdeak, webgunea, hirigintza eta produktua. Norbanako gisa jarduten dugun ingurunea aztertzen dute diseinatzaileek, gure beharrizanak ebaluatzen dituzte, antzemandako beharrizanei erantzuteko konponbideak bilatzen dituzte eta, azkenik, produktua egiten dute.

Getxoko Udalak sustatutako belaunaldiarteko elkarrizketen baitan, oraingoan Javier Cuñado diseinatzaile seniorraren talentua eta Marilu Rodriguez Vita “Lavita”rena konektatuko ditugu. Aipatutako azkena gure gaurko diseinatzaile juniorra da, jada ibilbide luzea egin badu ere.

Javier Cuñado aurkeztu nahi dugu, bilbotarra jaiotzez eta getxoztarra adopzioz. Industria-ingeniaritza ikasi zuen, eta ondoren Produktu Diseinua Londresko Ravensbourne College of Design unibertsitatean. 1998an, Item Design estudioa sortu zuen, zeina gaur egun diseinuaren alorrean buru den Espainiako enpresetako bat baita. Bere estudioak diseinuaren ia esparru guztietan egin ditu proiektuak jada, eta denetarik sortu du: etxetresna elektrikoak, bulegoko ekipoak, gailu elektronikoak, kirol-ekipamendua (bereziki txirrindularitzari lotutakoa) eta kontsumoko beste hainbat produktu.

Javier Cuñadoren lanek sari ugari jaso dituzte diseinuko nazioarteko lehiaketetan, besteak beste: Eurobike (2011), Delta Awards (2013), Aixe GETXO! sariak, Al diseño (2015), i- NOVO Awards (2015) eta German Design Awards (2016).

Parte-hartzaile juniorrari dagokionez, diseinu grafikoan eskarmentu handia duen emakumea dugu gaur gurean: Marilu Rodríguez Vita, bere burua jaiotzez sortzailetzat duena. Euskal Herriko Unibertsitatean Publizitatea ikasi zuen, eta bertan sortu zitzaion semiotikarekiko grina; dioenez, oso hitz arraroa da, baina oso esanahi polita du eta ikuspegi orokorra baino askoz gehiago aurkezten digu lehen planoan. Urteak eman ditu enpresetan esanahia duten espazio eta marka erakargarriak sortzen, birdiseinatzen eta garatzen. Izugarri maite ditu kontzeptu on batean oinarrituta dauden gauza sinpleak eta errazak. Honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu: branding, seinaleak, nortasun bisuala, sormen- nahiz arte-zuzendaritza, ingurumen-grafikoa, ilustrazioa, logoak eta diseinu grafikoa. Bezeroei dagokienez, aipatzekoak dira Bizkaibus; Bilboko, Balmasedako eta Amorebieta-Etxanoko udalak; Bilbao Rent eta Vinilo FM. Espezializatutako hainbat aldizkaritan argitaratu du eta esperientziak nahiz proiektuak partekatzea izan du beti helburu. 

Honako plataforma hauetan eskura daiteke:

Podcast eta Bideopodcast 6: Merkataritza

Zaloa Rozas Landa eta Mari Feli Bilbao Fano

Talentua Lotzen saioaren atal berria, Getxoko Udalak sustatutako belaunaldien arteko elkarrizketak biltzen dituen podcast-a. Hitzaldi hauetan, sektore jakin bateko seniorrak eta juniorrak konektatzen ditugu, beren esperientziak partekatzeko.

Gaur Getxoko merkataritzari buruz aritu gara belaunaldi ezberdinetako bi emakume ekintzailerekin. Elkarrekin solasean ibili gara Zaloa Rozas Landa –Algortako Adore Moda denda- eta Mari Feli Bilbao Fano-rekin -Areetako Punto Consejo-.

Haien ibilbideaz, bidean ikasitakoaz eta batez ere bertoko merkataritzak eskaintzen duen balioaz aritu gara. Ezagutu nahi al duzu beraien ikuspegia? 

Honako plataforma hauetan eskura daiteke:

Asier Mondragón eta Irantzu Garamendi

Talentua Lotzen saioaren atal berria, Getxoko Udalak sustatutako belaunaldien arteko elkarrizketak biltzen dituen podcast-a. Hitzaldi hauetan, sektore jakin bateko seniorrak eta juniorrak konektatzen ditugu, beren esperientziak partekatzeko.

Elkarrizketan honen protagonistak Asier Mondragón eta Irantzu Garamendi dira. Musika izan dugu haiekin hizpide. Musikari esker haien bizipen profesionalak oso aberatsak dira. Asier, Pippers Algortako taberna ezagunean ematen dituen kontzertuen bidez. Irantzu, musikari profesional bezala eta Aiboako Batuta Musika eskolako fundatzaile ere badelako.

Honako plataforma hauetan eskura daiteke:

Zuriñe Unzueta eta Agurtzane Elguren

Talentua Lotzen saioaren atal berria, Getxoko Udalak sustatutako belaunaldien arteko elkarrizketak biltzen dituen podcast-a. Hitzaldi hauetan, sektore jakin bateko seniorrak eta juniorrak konektatzen ditugu, beren esperientziak partekatzeko.

Zer dute amankomunean Zuriñe Unzuetak eta Agurtzane Elgurenek? Arkitekturan lan egiten dute eta biek hasi zuten haien estudio propioa, veste batzuen kontura lan egin ostean. Zuriñek, Akota Arkitektura eta Agurtzanek, Adi Bulegoa sortu zuen.

Haiekin hitz egin dugu arkitekturaren paperaz, eta haien lanbidean hain ezagunak ez diren berezitasunetaz. Arkitektura, gure bizitza arruntaren parte garrantzitsu, jakinmina pizten duen lanbide bat.

Honako plataforma hauetan eskura daiteke:

Asier Hormaza eta Itxaso Frau

Talentua Lotzen saioaren atal berria, Getxoko Udalak sustatutako belaunaldien arteko elkarrizketak biltzen dituen podcast-a. Hitzaldi hauetan, sektore jakin bateko seniorrak eta juniorrak konektatzen ditugu, beren esperientziak partekatzeko.

Asier Hormaza eta Itxaso Frau biak dira ikustentzutezko industrian profesionalak. Asier, aktore bezala oso ezaguna duzue bai telesailetan,antzekian eta zineman. Bestalde, txaso Frau, kamara atzean aritzen da sortu duen Katz Estudio produktoran, ekoizpen lanetan. Haien lanei buruz eta ikus-entzutezkoaren oraina eta etorkizunari buruz ibili gara hizketan.

Pantailara iritsi aurretik badagoelako lan askotxo, ikusten ez dena eta entzuten ez duguna.

Honako plataforma hauetan eskura daiteke:

Zerikusi / Begoña Beristain

Getxoko Udalak sustatutako podcasten atal hau oso berezia da.

Surfa, ontzi-arkitektura, merkataritza, musika, diseinua, teknologia, musika, ikus-entzunezkoen sektorea, arkitektura eta ekintzailetza izan ditugu hizpide. Patuaren nahia izan da proiektua garatu dugunok gure esperientzia azaltzea azken kapituluan. Belaunaldi-desberdintasuna gorabehera, bideopodcastez arduratu den Zerikusi eta proiektuaren sustatzaile den Bego Beristain Podcasting Getxoko Udaleko Ekonomia Sustapeneko Arloko laguntzarekin sortu ziren eta antzeko egoerak bizi izan dituzte jada; horiei buruz arituko gara gaur.

Honako plataforma hauetan eskura daiteke: