Hasiera  Zerbitzuak  Agenda  Xehetasuna

Ekitaldien Agenda

Herri-jaiak Getxon
Getxo jaiak, Turismo

Herri-jaiak Getxon

Data:2026/5/1 - 2026/11/30

Ordutegia:Egutegiaren arabera

Tokia:Getxo

Andra Mariko jaiak - San Isidro (maiatzak 14, 15, 16 eta 17)

Jai horietan umeentzako jarduerak egiten dira, adibidez, Malakateko txokolatada tradizionala, puzgarriak, umeen erromeria eta jolasak askariarekin. Gainera, kontzertuak, herri-kirol tradizionalen erakusketak, esku-pilota txapelketak, herri-bazkariak, taloa egiteko tailerrak eta askoz ere gauza gehiago antolatzen dira.

Corpus Christi jaiak – Algortako Portu Zaharra (ekainak 6 eta 7)

Algortako Portu Zaharrean Corpus eguna ospatzea Getxoko tradizio zaharrenetarikoa eta berezienetarikoa da. Liturgiari dagokionez, Corpus eguna osteguna izan arren, Portu Zaharrean jaieguna igandean da, auzokideek errazago parte hartu dezaten. Egun horretan marinel-giro ospetsua izaten da, abuztuko auzoko jaietan ez bezala. Portu Zaharrean zehar prozesioa egiten da eta, gero, sardina-jan herrikoia, musika emanaldiek lagunduta.

Zubilletako jaiak - San Juan (ekainak 19, 20 eta 21, eta ekainak 23 eta 24 arratsaldez eta gauez)

Auzo- eta familia-giro handiko jaiak dira, eta auzoko jai-batzordeak antolatzen ditu. Ohiko jarduerak hauek dira: San Juan sua, haurrentzako jolasak eta txikienentzako joko tradizionalak. Arratsaldeak eta gauak girotzeko, herri-bazkariak (sardina-janak edo parrilladak) eta dantzaldiak egiten dira.

Aixerrotako paellak (uztailak 25)

Aixerrotako paellak jaiaren jatorriaren istorioak argi uzten du lagun-topaketa txikia masa-fenomeno bihurtu daitekeela. Esaten dutenez, 1956ko uztailaren 25ean hasi zen dena. Getxoko hiru lagunek paella-lehiaketa txikia antolatu zuten Aixerrotako zelaietan, Aixerrota errota enblematikoaren ondoan. Lehenengo edizio horretan parte-hartzaile gutxi izan ziren, baina aire zabalean eta itsasoaren aurrean janaria prestatzeko ideia azkar sartu zen biztanleen buruan. Hasiera batean tokiko plan bat zena ziztuan hazi zen. 1960ko hamarkadan, Itxas Argia Elkarteak antolakuntzaren lekukoa hartu zuen eta ekitaldiari egitura formala eman zion. Denborarekin, lehiaketak «nazioarteko» izena irabazi zuen. Gaur egun, zenbait herrialdeko parte-hartzaileak erakartzen ditu eta urtero Andra Mariko zelaietan 30.000 pertsona baino gehiago biltzen dira.

Egun paregabearen erritoak: Paellak ez dira sukaldaritza-lehiaketa bakarrik, kode eta tradizio oso zehatzak ere badituzte:

  • Muntaia: Kuadrillak egunsentian heltzen dira haien espazioa mugatzeko. Tradizioa egurrezko egiturak eta olanak eraikitzea da, eta zelaiak «hiri iragankor» bihurtzen dituzte. 
  • Janzkera: Gehien bat mahonez eta kamiseta pertsonalizatuekin janzten dira; hala, itsaslabarra kolore ikusgarriez tindatzen da. 
  • Epaimahaia eta pasarela: Eguerdian, une kritikoa heltzen da: talde bakoitzeko ordezkariek bere paella prozesioan epaimahaira eramaten dute. Arrozaren puntua, zaporea eta, noski, socarrata baloratzen dute. 
  • Elkartasuna: Aspaldidanik, tradizioa elkartasunerako unea ere bada. Adibidez, Zaporeak GKEarekin lakindetzan aritu ohi dira, eta bertaratutakoek proiektu humanitarioetarako arroza dohaintzan ematen dute. 
  • Lekua: Agertoki estrategikoa da: Aixerrotako zelaiak ez zituzten ausaz aukeratu. Galeako itsaslabarren gainean kokatuta daude eta Abrako ikuspegirik onenetarikoa eskaintzen dute. Zelaietan gailentzen den Aixerrota (haize-errota esan nahi du) 1727an eraiki zen lehorteari aurre egiteko, eta gaur egun jaiaren ikur eztabaidaezina da.

Santa Ana - Areeta (uztailak 24, 25 eta 26)

Auzo- eta familia-giro nabarmena daukate, eta ekitaldi gehienak Santa Ana plazan egiten dira. Programak urtero tradizio finkoak bildu ohi ditu, zehazki, aire zabaleko saiheski-janak, tortilla-txapelketa eta sardina-jan herrikoiak. Halaber, haur-jokoak (txikigunea), ur-gerra, apar-jaia eta puzgarriak egoten dira. Euskal tradizioak ere badaude, hala nola herri-kirolen erakustaldiak, euskal dantzen erakusketak eta buruhandien kalejirak. Horrez gain, txapelketak egiten dituzte, xakea, 3x3 saskibaloia, musa eta txapel-jaurtiketa, besteak beste. 

Algortako jaiak - San Ignazio (uztailak29 - abuztuak 2)

Algortako jai ospetsuenetarikoak dira eta San Ignazioren omenez egiten dira. Askotariko programa daukate, eta udalerrira txosnez, su artifizialez edota musika-dantzaldiez gozatzera datozen milaka lagun biltzen dituzte. Jai horien hasieran koadrilen desfilea egiten da. Udalerriko gazteak mozorrotuta ibiltzen dira lagun artean, desfilean, herriko jairik berezienen hasiera ospatzeko.

Romoko jaiak - Aingeruen Andre Maria (abuztuak 2, 4, 5, 6, 7, 8 eta 9)

Romo auzoak Aingeruen Andre Mariaren egunean ospatzen ditu patroiaren jaiak. Antolatzen dituzten askotariko ekitaldiengatik eta gau-giro biziagatik famatuak dira. Pintxoak eta poteoa Aingeruen Andre Maria jaiei zaporea ematen diete eta, gainera, hainbat kontzertu eta dantzaldi ere eskaintzen dira. Horrez gain, zenbait jarduera daude, hala nola tabernetako pintxo-txapelketa, txistor-jana, kuadrillentzako olinpiar jokoak, euskal dantza tradizionalak, sardina-janak eta, igandean, tortilla-txapelketa.

San Lorentzo azoka - Algorta (abuztuak 10)

Nekazari-azoka entzutetsu hori urtero abuztuaren 10ean egiten da Algortako San Nikolas eta Bihotz Alai plazetan. Azokan euskal baserrietako ohiko produktuak eskaintzen dira, adibidez, barazkiak, berdurak, gaztak, zezinak, gozoak, ogia eta artisautza-produktuak. Halaber, janari-postuak ere badaude eta hainbat produktu saltzen dituzte, hala nola txorizo-taloa, sagardoa, txakolina eta askotariko jakiak, trikitilari-,txistulari- eta dultzainero-taldeek kaleak girotzen dituzten bitartean. Jardunaldiari amaiera emateko, 20:00etan Biotz Alai Abesbatzak Muxikebarri kultur etxean emanaldia eskaintzen du.

Portu Zaharreko jaiak (abuztuak 12, 13, 14 eta 15)

Algortako Portu Zaharreko jaieguna San Nikolas Barikoa da (abenduak 6), baina eguraldia aproposagoa izan dadin eta marinel-tradizioa dela-eta, abuztu erdialdean (12aren inguruan) ospatzen dute, jardueretan parte hartzea eta horiez gozatzea errazagoa izan dadin. Jai horien kokalekuak xarma berezia ematen die. Ospetsuak dira euskal musika tradizionaleko emanaldiak, dantza herrikoak eta portuko txapelketak, hala nola donibane-zuhaitza eta jasoaldiak. Egunean zehar, plaza txikian giro herrikoia egon ohi da eta sardina-janak zein kultura-ekintzak egiten dira. Gauean, Portu Zaharreko kaleak kontzertuetako eta inguruko tabernetako musikarekin girotzen dira. Donibane-zuhaitzaz eta jasoaldiez gain, jaietako jarduera nagusia marmitako-txapelketa da. Tradizioa mahonez janztea zen, baina pijama eguna gisa ere ezagutzen da, bertaratutako asko hori janzten baitute egunean zehar. Datu bitxi gisa, jai horietan jaio zen kalimotxo edari famatua, kola-freskagarriaren eta ardo beltzaren arteko nahasketa. Zehazki, Portu Zaharreko 1972ko jaietan asmatu zuten getxoztar gazte batzuek. Kalimotxoaren sorrerari buruzko historia hemen aurki dezakezue. 

Areetako jaiak - Mesedeetako Andre Maria (irailak 25, 26 eta 27)

Auzo horrek bere jaiak iraileko azken asteburuan ospatzen ditu, Mesedeetako Andra Mariaren ohorez. Jai horiek ekintza-egitarau aberatsa daukate, eta Getxoko auzo horren lasaitasuna ostiraletik igandera hankaz gora jartzen du. Herri osoa irteten da jaietara, adin guztietarako giroarekin. Barraskilo-txapelketa jada jaietako ekitaldi nagusi bihurtu da.

Hezetasuneko jaiak - San Martin (azaroak 6, 7 eta 8)

Hezetasun auzoko (Algorta) jaiak azaroan ospatzen dira, San Martin egunean. Uztaileko San Ignazio jaiak baino laburragoak izan ohi dira eta azaroaren 11tik (San Martin Toursokoaren egunetik) hurbilen dagoen asteburuan egiten dira. Ohiko jarduerak hauek dira: Bazkari herrikoiak eta auzoko parrilladak. Musika: Gaueko kontzertuak eta dantzaldiak. Musika-ikasleen kalejirak, dantza tradizionalak eta auzoko elkarteak antolatutako jarduerak. Haurrentzako kale-ikuskizunak, jokoak eta tailerrak.

Getxoko herriko jaien inguruko ohiko galderak

Pertsona orori zuzenduta daude. Getxoko jaietara bisitari ugari etortzen dira eta udalerrikoak ez direnentzat giroa oso aproposa da.
Jarduera gehienak doakoak dira. Herri-bazkari, lehiaketa edo ekitaldi zehatz batzuek prezio sinbolikoa daukate, edo zenbaitetan aldez aurretik izena eman behar da.
Auzoetako jai handiak normalean ez datoz bat; izan ere, urte osoan zehar banatzen dira, udalerri osoan tarteka disfrutatu ahal izateko.
Auzo batzuetan unean uneko kale-mozketak edo aparkaleku-murrizketak egon daitezke. Gomendagarria da jaiegunetan garraio publikoa erabiltzea.