Irisgarritasuna, Trafikoa eta Aparkamendua Hobetzeko Proiektua Algortan

Irisgarritasuna, Trafikoa eta Aparkamendua Hobetzeko Proiektua Algortan

Lurrazpeko Aparkalekua

garage

- Garageen panela (pdf)

Planta Orokorra

planta general

- Planta Orokorraren Panela (pdf)

Informazio Teknikoa

lehen eta gero

- Lehen eta Gero Panela (pdf)

axonometria

- Panela Axonometria (pdf)

- Zazpi milioi euro inbertituko dira Algortako erdialdean irisgarritasuna, trafikoa eta aparkamendua hobetzeko proiektuan(2016/12/26)

Getxoko Udalak “Algortan Irisgarritasuna, Trafikoa eta Aparkamendua Hobetzeko Proiektua” gauzatuko du legegintzaldi honetan zehar. Proiektuan jasotzen da Algortako etorbidea eta Mariandresena kaleen irisgarritasuna hobetzea; Euskal Herria kaleko tarte bat (Mariandresena eta Amezti artekoa) oinezkoentzat egitea eta 243 aparkalekuko lurrazpiko parking bat eraikitzea Manuel Gainza parkean. Lan horien aurrekontua, guztira, 7.000.000 eurokoa da eta haien berri emateko erakusketa bat dago jendearentzat zabalik gaurtik eta urtarrilaren 5era, Algortako Merkatuan.

 Egitasmo hau, interes orokorraren fruitua da, Gobernu Taldeak (EAJ eta PSE-EE) eta PPk sinatutako hitzarmenaren ondorioa. Akordio “oso garrantzitsua” da Algortarentzat ez ezik Getxo osoarentzat ere. Proiektuak jasotzen dituen jarduketak gauzatuta, gaur eskainitako prentsaurrekoan Imanol Landa alkateak adierazi duenez, “auzo are atseginagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa izango dugu, oinezkoentzako esparruak indartuko baititugu. Azken finean, auzotarren bizi-kalitatea hobetuko dugu, eta auzoko salerosleentzat ere, onura ekarriko du.

Eta, horrez gainera, proiektuaren partedun egin nahi ditugu auzotarrak beraiek. Hartara, gaur inauguratzen dugun erakusketa xume honetan bertan paratu dugun kutxa honen bitartez parte hartu ahalko dute. Kutxa horretan, herritarrek beren iritzi eta ekarpenak utzi ahal izango dituzte, proiektuari buruzkoak, jakina”. Halaber, gehitu du alkateak, “aparkamenduaren arazoari ere irtenbide bat eman nahi diogu, Manuel Gainza parkean lurrazpiko aparkalekua eraikiz”.

 Proiektuan aurreikusten denez, oinezkoentzako ibilbideak handitu egingo dira, guztira 4.800m2-ko azalera edukiko dute –gaur egun 3.150m2 daude-. Bideen azalera, berriz, murriztu egingo da, egungo 4.775m2-tik 3.125m2-ra. Aparkalekuei dagokienez, TAO plazak gutxituko dira, 39tik 23ra, baina 243 aparkaleku irabaziko dira Manuel Gainzako lurrazpiko parkingarekin. Eta zamalanerako guneak bere horretan utziko dira (190 metrolineal egungo 171m linealen kontra).

 1. Fasea. Algortako etorbidea (Telletxe-Torrene tartea)

Lehenengoz, Algortako etorbideko bidea berrantolatuko da, bi fasetan. 1. Fasean, Telletxe eta Torrene kaleen arteko zatia berrurbanizatuko da, oso osorik, 4.130m2-ko azalera guztira. Lanak 5 hilabetez luzatuko dira eta horien aurrekontua 741.000€koa da. Lanen lizitazioa 2017an zehar hasiko da.

Ibilgailuentzat zirkulaziorako bide bakarra izango da, bere luzera osoan. Espaloi berriek irisgarritasun araudia beteko dute eta 3,5m-ko zabalera edukiko dute kalearen bi aldeetan, Andrés Cortina eta Telletxe arteko zatian; egokituko diren gainontzeko espaloiek, gutxienez 2m-ko zabalera edukiko dute. Ilarako aparkamendu tarteak egokituko dira, kalearen zabalerak uzten duen lekuetan. Horrekin guztiarekin, oinezkoentzako esparruak indartuko dira. Eremu guztian  zoladurak, galtzadako akaberak, espaloiak eta garajeetako sarbideak ere berrituko dira; hiri-altzari berriak (paperontziak...) ipiniko dira; argiteria  publiko guztiz berria instalatuko da (LED teknologiadun argi-zutabeak); eta saneamendu-sare berria jarriko da.

 Hurrengo lanak

Ondoren, 2. Faseari ekingo zaio, Torrene eta Mariandresena artean, 1.640m2-ko azalera guztira. Lehenengo fasean bezala, espaloiak zabalduko dira eta zoladura, hiri-altzariak, argiteria eta saneamendu-sarea berrituko dira, besteak beste. Tarte horrek zamalanerako gunea ere edukiko du. Lanen iraupena 4 hilabete ingurukoa izango da eta beren aurrekontua 480.000€koa. Lanen lizitazioa eta hasiera 2018an zehar izango dira.

 Halaber, Mariandresena kaleko irisgarritasuna hobetuko da, 1.050m2-ko azaleran. Hor, espaloiak zabalduko dira kalearen bi aldeetan, oinezkoentzako ibilbideen zabalerak bermatzeko, irisgarritasunaren araudiak hala eskatzen baitu. Lanak 3 hilabetez luzatuko dira eta beren aurrekontua 200.000€koa da. Hemen ere, lanen lizitazioa eta hasiera 2018an zehar izango dira.

 Proiektuak bestalde, Euskal Herria kalea oinezkoentzat egitea aurreikusten du, Mariandresena eta Amezti kaleen artean, 1.150m2 guztira. Lanek 3 hilabete iraungo dute eta beren aurrekontua 275.000€koa da. Aurreko bi kasuetan bezala, lanen lizitazioa eta hasiera 2018an zehar.

 Aldi berean, Manuel Gainza parkeko lurrazpiko aparkalekua eraikiko da, 243 aparkaleku edukiko dituen ekipamendua, hiru solairukoa. Guztira eraikiko den azalera 7.000m2-koa da. Algortan, txandatze sistemako lehenengo aparkalekua izango da, egoiliar eta abonatuentzat. Sarrera Telletxen izango du eta irteera Bolue kaleko jaitsieran. Lanak egiteko epealdia 2 urtekoa da eta aurrekontua 5.300.000 bat eurokoa, eta kopuru horretatik 2.700.000€ inguru Udalak ipiniko ditu. Lanen lizitazioa 2017an egingo da.

 Erakusketa Algortako Merkatuan

Algortan bide berrantolaketarako proiektuari buruzko informazioa eta zehetasunak jendearen eskura izango dira Urgull kaleko Merkatuan zabaldutako erakusketan, gaurtik eta urtarrilaren 5era. Erakusketaren euskarria informazio-panelak dira, baita kutxa bat ere, non auzotarrek  beren iritzi eta ekarpenak utzi ahalko dituzte, proiektuari buruzkoak.

Erakusketaren ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Larunbatetan, 08:00etatik 14:00etara.   

 

 

 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +